Ekonomia -

Ibilgailuen merkatua

Autoen salmentak % 7 egin du gora Euskadin irailean

EAEn, 1.980 ibilgailu saldu dira irailean, eta 1.826 saldu ziren iazko hilabete berean. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, hazkunde handiena (% 10,3) Bizkaian izan da, baina Gipuzkoan (% 6,7) eta Araban (% 5,5) ere egin du gora.

Kontzesionarioak. Argazkia: EFE
Kontzesionarioak. Argazkia: EFE
Kontzesionarioak. Argazkia: EFE

E. Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Autoen salmentak % 7,5 egin du gora 2023ko irailean Euskadin, iazko hil bereko datuekin alderatuta, Anfac, Faconauto eta Ganvam elkarteek zabaldutako datuen arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 1.980 turismo eta lur orotako ibilgailu saldu dituzte 2023ko irailean, eta 1.826 saldu zituzten iaz hilabete berean. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, hazkunde handiena (% 10,3) Bizkaian izan da, baina Gipuzkoan (% 6,7) eta Araban (% 5,5) ere egin du gora.

Espainiako Estatuan, guztira 68.803 auto saldu dira irailean, hau da, aurreko urteko hil berean baino % 2,3 gehiago. Merkatuak berriro emaitza positiboa izan badu ere, irailean aurreko hilabeteetan baino hazkunde txikiagoa izan du, inflazio handiak eta ziurgabetasun politikoak baldintzatuta, besteak beste.

Guztira, 711.380 ibilgailu matrikulatu dira 2023an, eta, iaz baino % 18,5 gehiago bada ere, 2019an, pandemiaren aurretik, baino % 15,8 gutxiago dira.

Horrela, Felix Garcia Anfaceko komunikazio eta marketin zuzendariak azaldu duenez, "irailean autoen salmentak zertxobait hazi dira, nahiz eta hilabete horrek 2022an baino lanegun bat gutxiago izan. Urteko hilabete guztietan datu positiboak izan dira, baina egia da, halaber, ziurgabetasun politikoak eta interes-tasa handiak eragina izan dutela bolumenean".

Bestalde, Tania Puche Ganvameko komunikazio zuzendariaren arabera, "autoen matrikulazioek iraileko aldapa berezia gainditu dute, eta urtearen azken txanpari ziurgabetasunez egingo diogu aurre, jakinda agertoki politiko egonkor bat lortzeak lagunduko liokeela urtea bere bolumen naturalaren (% 25) azpitik itxiko duen merkatuari".

Azkenik, Raul Morales Faconautoko komunikazio zuzendariaren hitzetan, "iraileko matrikulazioek merkatu egonkorra uzten digute, eta hori da, agian, albisterik onena, kontuan hartzen badugu kontsumoak duela hilabete batzuetako oztopo bera duela, interes-tasen igoera".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Merkataritza Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan