Ekonomia -

Lan-hitzarmena

Michelingo langileen erreferenduma zentro arteko batzordetik atera ala ez erabakitzeko

Gasteizko langileek errefusatu egin zuten Espainiako Estatuko gainerako zentroetako batzordeek onartutako lan-hitzarmena, eta horregatik planteatu dute haiekin batera ez negoziatzea. LABek zuzendaritzaren presioak salatu ditu.

Michelingo lan-hitzarmenaren aurkako protesta. Argazkia: EITB
Michelingo lan-hitzarmenaren aurkako protesta. Argazkia: EITB
Michelingo lan-hitzarmenaren aurkako protesta. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Michelineko langileek erreferendum bat egingo dute gaurtik datorren astelehenera arte zentro arteko batzordetik atera ala ez erabakitzeko. Izan ere, Gasteizko langileek errefusatu egin zuten Espainiako Estatuko gainerako zentroetako batzordeek onartutako lan-hitzarmena, eta horregatik planteatu dute haiekin batera ez negoziatzea.

Bozketa astelehen gauean amaituko da, ondorioz, emaitza gau horretan bertan edo astearte goizaldean jakinaraziko da.

Testuinguru horretan, Gasteizko Michelinen Zuzendaritzak iragarri du aurten 2.000 tona pneumatiko gutxiago ekoiztuko dituztela, aurreikusita zegoena baino gutxiago hain zuzen ere. Azkenaldian Arabako hiriburuko lantegian izandako lan-gatazken ondorioz enpresa taldeak lantegiarengan "konfiantza galdu" duela azaldu zuen zuzendaritzak, besteak beste, murrizketa arrazoitzeko.

Neurri eta argudio horien aurrean, LABek, zentro arteko batzordetik ateratzea aldarrikatzen duenak, salatu du zuzendaritzak erreferenduma baldintzatu nahi duela ekoizpen murrizketekin langileak "kikiltzen".

Sindikatuak gogorarazi du ekoizpenaren beherakada "azken hiru urteetan errepikatu" dela, eta "konfiantza galera"ri egindako erreferentziak "enpresaren izaera antidemokratikoa" jartzen duela agerian.

LABek urriaren 6tik 9ra egingo den galdeketan parte hartzeko deia egin die langileei, "orain, sekula baino gehiago, garrantzitsua delako erakustea hemen lan egiten badugu hemen negoziatu behar ditugula lan baldintzak".

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba LAB Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Lan gatazkak Automobilgintza