Ekonomia -

EUSTAT

Langabezia % 7ra jaitsi da EAEn, 2008tik izan den mailarik baxuenera

EAEko langabezia-tasa % 7ra jaitsi dela jakinarazi du gaur Eustatek. 2008tik izan den mailarik baxuena da.

Langabeziak behera egin du EAEn, Eustaten arabera. Argazkia: EFE
Langabeziak behera egin du EAEn, Eustaten arabera
Langabeziak behera egin du EAEn, Eustaten arabera. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia-tasa % 7ra jaitsi zen 2023ko laugarren hiruhilekoan, Eustatek landutako datuen arabera. Euskadiko ekonomiak 2008tik izan duen daturik baxuena da. 

Horrela, 2023. urtearen amaieran, Euskadiko langabezia-tasa % 7koa izan da, aurreko hiruhilekoan baino bost hamarren baxuagoa. Datuen arabera, aurreko hiruhilekoan baino 500 landun gehiago eta 5.800 langabe gutxiago daude.

Urte amaieran, beraz, 73.100 langabe eta 976.400 landun zenbatu dituzte Euskadin. 

Aurreko urteko datuekin alderatuz gero, 16.700 langabe gutxiago daude EAEn, eta langabezia-tasa % 8,5etik % 7ra jaitsi da urtebetean.

Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestan jasotako datuen arabera, jarduera-tasa % 56koa izan da 2023ko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 0,3 puntu txikiagoa.

Datuak lurraldez lurralde ikusita eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Araban, okupazioak gora egin du, 2.000 langile gehiago baitaude. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 900 eta 600 landun gutxiago daude, hurrenez hurren. Hiriburuen kasuan, Bilbon 1.600 landun gehiago daude, Gasteizen 400 gehiago, eta Donostian, berriz, 1.500 gutxiago.

Okupazioaren igoerarik handiena emakumeen artean izan da, 900 landun gehiago baitaude; gizonen kasuan, berriz, 300 landun gutxiago zenbatu dituzte. Nazionalitateari erreparatuta, atzerriko nazionalitatea duten landunak 3.000 gehiago dira (% 3,4 gehiago), eta Espainiako nazionalitatea dutenak, berriz, 2.500 gutxiago (% 0,3 gutxiago).

Euskal Autonomia Erkidegoko landunen kopuruak gora egin du industrian (6.100 landun gehiago dira, hots, % 3,1 gehiago), eta behera gainerako sektoreetan: zerbitzuen sektorean 4.000 gutxiago dira (% 0,6 gutxiago), eraikuntzan 1.100 gutxiago (% 1,9 gutxiago), eta lehen sektorean 600 gutxiago (% 7,2 gutxiago).

Kontratazio motari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten langileak 3.800 gehiago izan dira aurreko hiruhilekoaren datuekin alderatuta, eta 25.600 gehiago, aurreko urteko datuekin alderatuz gero.

Orotara, 909.500 etxe inguru daude Euskadin, eta horien heren batean ez dago inor lanean, aurreko hiruhilekoan baino 2.000 gehiago. 

Datu horiek ezagutu ondoren Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, "albiste positiboa" da, eta nabarmendu du Euskadik "azken 15 urteetako langabezia-tasarik txikienarekin" itxi duela urtea. "Lorpen kolektibo horrek elkarlanean aritzeko arrazoi gehiago ematen dizkigu", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Eustat