Ekonomia -

LEHEN SEKTOREA

Nekazaritza Politika Bateratuaren ingurumen betebeharrak leuntzen dituen neurri-sorta onartu du EBK

Diru-laguntzak jaso ahal izateko nekazariek eta abeltzainek bete beharko dituzten ingurumen baldintzak malguagoak izango dira: ustiategi txikiak (10 hektarea baino gutxiagokoak) betekizunekin lotutako kontroletatik salbuetsita geratuko dira, hau da, ez zaizkie ikuskapenak egingo.

Artxiboko irudia
Artxiboko irudia
Artxiboko irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekazarien eta abeltzainen azken hilabeteotako protestei erantzunez, Europar Batasuneko estatukideek onartu egin dute gaur Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) ingurumen betebeharrak leunduko dituen neurri-sorta.

Nolabait, NPB laguntzak jasotzeko baserritarrek bete beharreko baldintzak aldatu egingo dira. Besteak beste, ustiategi txikiak (10 hektarea baino gutxiagokoak) betekizunekin lotutako kontroletatik salbuetsita geratuko dira. Neurriak babestu dituzten herrialdeen iritzian, onartutako aldaketen helburuak dira "arauak sinplifikatzea, izapide administratiboak erraztea eta ingurumen baldintza jakin batzuk betetzeko malgutasun handiagoa ematea herrialdeei".

Orain arteko araudiaren arabera, dirulaguntzak jaso ahal izateko, ingurumenaren babesarekin lotutako bederatzi baldintza bete behar zituzten nekazariek. Gaur onartutako aldaketekin ere, neurri horiek indarrean jarraituko dute, baina hainbat salbuespenekin.

Hauek dira aldaketetako batzuk:

— Soroak babesteko eta emankortasuna berreskuratzeko, denbora batez lugorri utzi beharreko eremua zenbatekoa den erabakitzeko malgutasun handiagoa izango dute estatukideek, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta.

 — Lurren errotazioari eutsi egingo zaio, baina herrialdeek laboreen dibertsifikazioa erabili ahal izango dute alternatiba gisa. EBren arabera, bereziki lehorteek edota euriteek kaltetutako eremuetan ezarri ahal izango da neurri hau.

— Ustiategi txikiak (10 hektarea baino gutxiagokoak) betekizunekin lotutako kontroletatik salbuetsita geratuko dira. Nekazaritza Politika Bateratuaren araudian zehaztutako isunak ere ez zaizkie ezarriko.

— Salbuespenezko edo aurreikusi gabeko baldintza meteorologikoak gertatzen diren kasuetan, herrialdeek eskumena izango dute baldintza jakin batzuk aldi baterako bertan behera uzteko eta moldaketak egiteko.

Behin neurri sorta onartuta, orain Europako Parlamentura igorriko da idatzi bat, aldaketen berri emanez eta horien behin betiko onarpenerako berehalako prozedura abiarazi dezala eskatuz, Europako hauteskundeen aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nekazaritza Europako Parlamentua