Ekonomia -

Etxebizitza

Alokairuaren prezioa arautzeak etxebizitza eskaintza murriztu dezakeela ohartarazi du Espainiako Bankuak

Espainiako Bankuko gobernadoreak epe luzerako erreformak egitea proposatu du, batez ere, etxebizitza eskaintza areagotzeko neurrietan arreta jarrita.

Etxebizitzak Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Etxebizitzak Bilbon
Etxebizitzak Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Bankuak ohartarazi du alokairuaren prezioa arautzeak ondorio negatiboak izan ditzakeela etxebizitzaren merkatuan, "epe ertainean eskaintza murriztuz".

Erakundearen azken bi urteetako txostenak azaltzeko agerraldia egin du gaur goizean Pablo Hernandez de Cos gobernadoreak Diputatuen Kongresuan. Azaldu duenez, eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka "bereziki nabarmena" da hiriguneetan eta bereziki eragiten die errenta txikiak dituzten kolektiboei, hala nola, gazteei eta etorkinei.

De Cosen arabera, eskaria handia da eta ez dago eskaintza nahikorik, eta horrek eragiten du alokairuen prezioak "altuak" izatea.

Testuinguru horretan, Espainiako Bankuak uste du epe laburreko proposamenak —prezioa mugatzea, adibidez— ez direla nahikoak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko.

Zentzu berean, pizgarri fiskalak ematearen arriskua jarri du mahai gainean. Horren ustez, prezioak igo egin dira eta etxebizitza jabeak izango dira, azken batean, kenkari fiskal horien onuradunak.

Hori guztia dela eta, epe luzerako erreformak egitea proposatu du, batez ere, etxebizitza eskaintza areagotzeko neurrietan arreta jarrita eta administrazioen artean koordinatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Higiezinen merkatua gaur