Frantzisko aita santua -

Aitasantutzaren hasiera

Frantzisko: 'Aita santuaren benetako boterea pobreei zerbitzatzea da'

Arrantzalearen eraztuna jaso eta bere aitasantutzari ekin dio Frantziskok, San Petri plazan eman duen meza jendetsu batekin.

Aita santua
Aita santua
Frantziskok hasiera eman dio bere aitasantutzari

3:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santuak bere aitasantutzari hasiera eman dion meza eman du astearte honetan, eta naturaren eta pobreen defentsa egin du bertan.

200.000 bat jarraitzaile bildu dira San Petri plazan, Vatikanoak emandako datuen arabera, eta, ekitaldian zehar, pontifizearen sinboloak jaso ditu Frantziskok: palioa eta Arrantzalearen eraztuna.

''Hodei grisen aurrean'' esperantzarako deia egin die fededunei Jorge Mario Bergoglio aita santuak, izendapena jaso eta gutxira pesimismoan ez erortzeko egindako deiaren ildotik.

Meza hasi orduko Benedikto XVI.a aita santu emeritua gogoratu du Frantziskok. Ondoren, aita santuak ''Jainkoaren herritar guztiak'' eta gizateria osoa zaintzeko besoak ireki behar dituela defendatu du, eta bereziki aipatu ditu ''pobreak, ahulenak, txikienak, gose direnak, atzerritarrak, biluzik daudenak, gaixo daudenak eta preso daudenak''.

Aurreko egunetako mezuetan agerian utzitako hizkera umilari eutsiz, ''mesedez'' eskatu die ''bizitza duen oro zaintzea'' maila ekonomiko, sozial eta politikoan erantzukizuna dutenei.

"Ez dezagun utzi suntsiketaren eta heriotzaren arrastoak gure mundu honen ibilbidean lagun izaten. Gogora dezagun gorrotoak, inbidiak eta amorruak bizitza zikintzen dutela'', azpimarratu du.

Jeep irekia, urrezko eraztunari uko eginda

Jarraitzaileekiko gertutasunaren ikur argi gisa, Frantzisko aita santua jeep ireki batean heldu da San Petri plazara, ohiko 'papamobil'a baztertuz.

Halaber, aitasantutzari meza batekin eman dio hasiera Frantziskok, koroatzea eta tiara ezartzeko ekitaldia alde batera utzita. Izan ere, aspaldi, "koroatze ekitaldia" deitzen zitzaion lehen ekitaldi honi, aita santuari ematen zioten tiara (hiru koroako mitra altu eta estu bat) dela-eta. Ekitaldi honetan koroa jantzi zuen azken aita santua Paulo VI.a izan zen, 1963. urtean.

Meza hasi aurretik, San Petriren hilobira jaitsi da Frantzisko, bertan otoitz egiteko.

Aita santua papa jeep efe

(Jeep ireki batean egin du aita santuak ibilbidea San Petri plazan. Efe)

Basilika barruan, ''badaukagu aita santua'' iragarri zuen Jean Louis Tauran kardinal protodiakonoak eman dio palioa, garai bateko Artzain Onaren ikurra. Ondoren, Angelo Sodano kardinal deanak Arrantzalearen eraztuna jarri dio. Ohiko urrezko eraztunaren ordez, zilarrezko eraztuna da Frantziskorena, eta Petri apostolua eta giltzak ditu grabatuta.

Aita santuaren sinboloak jaso ostean, sei kardinalek obedientzia eskaini diote, beste guztien izenean.

Aita santua papa meza efe

(Frantzisko aita santua, mezan. Efe)

Guztira, 132 herrialdetako estatuburu eta gobernuburuak izan dira ekitaldian, besteak beste Asturiasko printze-printzesak eta Mariano Rajoy (Espainia), Angela Merkel (Alemania), Joe Biden (AEB) eta Cristina Fernandez de Kirchner (Argentina).

Konstantinoplako patriarka, Eliza Ortodoxoko burua, Bartolome I.a,, ere ekitaldian izan da, 1.000 urtean lehen aldiz. Halaber, Robert Mugabe Zimbabweko diktadorea eta Saudi Arabiako eta Afganistango ordezkariak ere ekitaldian izan dira.

Bezperan, Federico Lombardi bozeramaileak azaldu zuenez, ''Vatikanoak ez du inor gonbidatzen ezta inor baztertzen ere''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Aita santua albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Eliza Katolikoa