Etxegabetzeak -

Kaleratzeak Stopen arabera

Etxegabetu behar zuten gizon batek bere buruaz beste egin du Basaurin

Basauriko Udalak hildako gizonezkoa (56 urte) etxegabetze prozesu batean zegoenik ez zekiela adierazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Kaleratzeak Stop elkarteak jakinarazi duenez, 56 urteko gizonezko batek bere buruaz beste egin du Basaurin, hipoteka ordaintzeko zituen arazoengatik.

Basauriko Gernika kalean bizi zen gizonezkoa eta igandetik astelehenerako goizaldean egin zuen bere buruaz beste. Astelehen goizean hilik topatu zuten.

Senitartekoei "ezin dut gehiago" zioen ohar bat utzi omen ziela esan dute Kaleratzeak Stop elkartekoek. Eitb.com-i berretsi diotenez, gizonezkoa eurekin kontaktuan jarri zen egoeraren berri emateko.

Halaber, gizonari argindarra eta ura moztu ziotela azaldu dute.

Bizkaiko Kaleratzeak Stop elkarteak Twitterren eman du albistearen berri eta laster zabaldu da komunikabideetan eta sare sozialetan, etxegabetzeen auzia berriro Trending Topic bilakatuz.

Gertaeraren nondik norakoak berretsiz gero, EAEko bigarrena izango litzateke, Barakaldon, azaroaren 9an, Amaia Egañak bere buruaz beste egin eta ordutik sortu zen etxegabetzeen auziaren ostean.

Basauriko Udalak ez zekien ezer

Bestalde, Basauriko Udalak adierazi duenez, Gizarte Zerbitzuek ez zuten 56 urteko gizonezko honen etxegabetze prozesuaren berri.

Udaltzaingotik ere ez zutela komunikaziorik jaso adierazi dute, nahiz eta horrelako prozesuen berri izan ohi dutela esan duten. Eskualdean lan egiten duen Aiaralako Kaleratzeak Stop elkarteak ukatu egin du hildakoa eurekin harremanetan jarri izana.

Ertzaintzak berretsi du gizonezko batek bere buruaz beste egin duela baina Segurtasun Sailak ez du zehaztasun gehiagorik eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Basauriko argazkiak Etxegabetzeak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Etxebizitza