Etxegabetzeak -

Ibarrekolanda auzoan

Gizon batek bere burua hil du Bilbon, etxegabetu behar zutelako

Gertakaria Ibarrekolanda auzoan jazo da. 50 urteko gizonezko batek etxeko leihotik behera bota du bere burua. Elkarretaratzea deitu dute gaur arratsalderako, 20:00etarako, Sarrikon.

Eraikin honetako laugarren solairutik egin du bere buruaz beste gizonezkoak. Argazkia: EiTB
Eraikin honetako laugarren solairutik egin du bere buruaz beste gizonezkoak. Argazkia: EiTB
Gizon batek bere buruaz beste egin du, etxegabetu behar zutelako

0:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

50 urteko gizon batek bere buruaz beste egin du gaur, etxegabetu egin behar zutelako. Gizona bananduta bizi zen eta nerabe baten aita zen.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakaria 10:00etan jazo da, Ibarrekolanda auzoan, Txakoli kalean. Gizonezkoak laugarren pisuko etxebizitza bateko leihotik behera bota du bere burua.

Marta Uriarte Bizkaiko Kaleratzeak Stop taldeko bozeramaileak azaldu duenez, epaitegiko segizioa kaleratze aginduarekin iritsi da gizonezkoaren etxebizitzara. Han, atea jo ondoren inork ez zuela irekitzen ikusita, sarrailagile bati deitu diote.

Etxean sartzea lortu dutenean, epaitegiko segizioko kideek aulki bat ikusi dute leihoaren ondoan, eta, gerturatutakoan, bertan bizi zen gizonezkoak bere buruaz beste egin duela egiaztatu dute.

Marta Uriartek etxegabetzeen dramak eragindako azken heriotza "latza" deitoratu du, eta Amaia Egaña Barakaldon bere buruaz beste egin zuen emakumearen kasua ekarri du gogora. Kaleratzeak Stop elkarteak "horrelako heriotzak eta sufrimendua eragiten dituen legea" indarrean noiz arte egongo den galdetu du.

Gizon oso zuhurra zela eta gainerako auzotarrekin oso gutxi hitz egiten zuela azaldu du hildakoaren auzoko batek. Dibortzioa baino lehen Ibarrekolanda auzoan bizi zela aipatu du emakumeak.

Elkarretaratzea

Bizkaiko Kaleratzeak Stop taldeak elkarretaratzea deitu du, heriotza salatzeko. 20:00etan hasi da, Sarrikoko metro geltokiaren parean. Handik, hildakoa bizi zen etxebizitzarantz jo dute.

Bilboko Udalaren adierazpena

Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat kaleratu du, eta bertan azaldu dutenez, ''Etxebizitza eskubidearen alde, etxegabetzerik ez'' lelopean, elkarretaratzea deituko du Bilboko Udalak ahalik era arinen, kaleratzeen kontrako plataforma eta erakundeekin batera. Hildako gizonaren familiari elkartasuna adierazteaz gain, etxegabetzeen ondorioak jasaten ari diren familiei laguntzeko Udal Batzordea eratuko dutela iragarri dute adierazpen horretan.

Txema Azkuenaga Bilduko bozeramaileak Iñaki Azkuna Bilboko alkateari ezohiko bozeramaileen batzordea deitzea eskatu dio, "arazo larri" honen aurkako adierazpen bateratu bat adosteko.

Bestalde, etxegabetzeen "benetako" luzamendu bat "denborarik galdu gabe" martxan jartzea eskatu du Alfonso Gil bozeramaile sozialistak. Gutxienez hiru urteko atzerapen bat ezartzeko baliabide ekonomikoak bideratzea eskatu die erakundeei Gilek.

Era berean, ELA sindikatuak etxegabetzeak geldiarazteko eskatu du, eta baita orain arte egindakoak berriz atzertzea ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Kaleratzeak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Etxebizitzen merkatua Deusturen azken ordukoa