Gizartea -

'60 minutos'

Iñigo Cabacasen ama: 'Nire semea jomuga izan zen'

Ertzaintzaren gomazko pilota batek jota hil zen athleticzalearen aitak azaldu duenez, gau hartan festa zen nagusi eta "ez zuten iritsi ziren moduan iritsi beharrik".

A. A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Cabacasen heriotzaren lehen urteurrenean, ETB-2ko ostegun honetako "60 minutos" saioa Ertzaintzaren gomazko pilota batek jota hil zen athleticzalearen gurasoekin izan da. "Nire semea jomuga izan zen. Ertzainei bizkarra ematen ari zen eta hemen (buruan) eman zioten. Berehala hil zen", salatu du Cabacasen amak. "Zergatik hil nahi izan zuten? Zergatik hil zuten? Zertarako?", galdegin du.

Horrekin batera, Jone Goirizelaia Cabacas familiaren abokatuak, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu ohiak, Alfonso Gonzalez-Guija Bilboko epaile dekanoak eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak hartu dute parte Juan Carlos Etxeberriak aurkezten duen saioan.

"Leku hartan ez zen ezer gertatzen ari. Ez zen beharrezkoa Polizia bertaratzea, eta Ertzaintzaren jarduna guztiz lekuz kanpokoa izan zen", esan du Goirizelaiak. Halaber, abokatuak ukatu egin du "Ertzaintzaren aurkako kanpaina bat" abiatu izana. "Zer eta nola gertatu zen eta, ahal badugu, arduraduna nor den jakin nahi dugu", azaldu du.

Orduko Herrizaingo sailburuak gertatutakoa Legebiltzarrean azkeneraino ikertzeko eta "erantzukizunak argitzeko" konpromisoa hartu zuela gogoratu du. Gainera, Aresek esan duenez, ez du Cabacasen familiarekin arazorik izan, "abokatuarekin baizik".

Erantzukizun penala

"Sailburua izateagatik ezin da agente batzuek egindako gertakari zehatz batengatik erantzukizun penala izan", adierazi du Bilboko epaile dekanoak.

Gonzalez-Guijaren hitzetan, "agenteek euren eginbeharra bete behar dute, betiere agindutakoa legez kanpokoa ez bada. Erabateko ziurtasunik ez badago, eskubide penalak absolbitu egin behar du".

Ertzaintzako zuzendariak Ertzaintzak protokoloa aldatu duela erakutsiko du saioan, baina, horren esanetan, Cabacas hil zen gauean erabilitako armak "indarrean daude eta egongo dira, Brigada Mugikorrean behintzat, amaiera datarik gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea