Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Osakidetzako langileei 'aldi baterako sakrifizioa' eskatu die Darponek
"Euskadiko lanegun murritzenetarikoa du Osakidetzak", azpimarratu du Osasun sailburuak Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan.
Erredakzioa
Jon Darpon Euskadiko Osasun sailburuak "laguntza eta aldi baterako gehiago lan egiteko" eskatu die Osakidetzako langileei, "garai hobeagoak etorriko direlako eta, orduan, lan-baldintzak hobetuko ditugulako".
Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan Darponek azaldu duenez, "ulergarria da Osakidetzako langileak pozik ez egotea eta, 40 ordu gehiago lan egitea eskatu ostean, mobilizazioak egitea, baina egoerak dakarren ondorioa da, eta guztiok krisitik irteteko lagundu behar dugulako".
"Osakidetza garaipen soziala da, baina ingurugiro ekonomikoa guztiontzako aldatu da, eta halabeharrez guztiok moldatu behar gara", adierazi du. "Aldi baterako sakrifizioa eskatzen ari naiz", nabarmendu du sailburuak.
Halaber, "Euskadiko lanegun murritzenetarikoa du Osakidetzak", azpimarratu du Darponek, "susperraldi ekonomikoko garaian lan baldintzak hobetzeko ahalegina egin genuelako, merezi zutelako".
"Gehiago lan egitea eskatu nahi diet, garai hobeagoak etorriko direlako, eta egoera gainditzeko Eusko Jaurlaritza ari da lanean, ondoren, lan baldintzak hobetu ahal izateko", azpimarratu du.