Gizartea -

Nafarroa

Kezka nagusi Zangozan, Esako urtegiaren arriskuaz ohartarazi ondoren

Geologo baten arabera, urtegia arriskutsua da, eta inguruko zenbait toki, Zangoza tartean, hustu beharra legoke. Nafarroako Gobernuak, berriz, ''normaltasun'' egoera azpimarratu du.

Yesako urtegia, Nafarroan. EITB
Yesako urtegia, Nafarroan
Esako urtegia edozein unetan hautsi daitekeela esan dute geologoek

1:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Geologo batek Esako (Nafarroa) urtegiaren arriskuez ohartarazteko eman duen abisuak kezka eta ezinegona piztu ditu inguruko udalerrietan, bereziki Zangozan.

Antonio Casas Zaragozako Unibertsitateko geologoaren arabera, Esako urtegia ''arriskutsua'' da, handitze lanen eraginez, eta, hala, inguruko herriak, Zangoza tartean, ebakuzatzeko deia egin du.

Arrisku abisu horri erantzunez, Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak ''lasaitasun'' mezua zabaldu du gaur. Egoera aztertzeko ardura duten erakundeek Esako urtegian ''alarma'' egoeraren berririk ez dutela esan du, eta ''erabateko lasaitasun'' egoeraz hitz egin du.

Atzo bertan, geologoak zabaldutako mezuari erantzun zion Gobernuak eta Esako urtegiko hegalean egindako azken neurketek ''ia erabat egonkortuta'' dagoela agerian utzi zutela azpimarratu zuen. Hilean 1,5mm-koa da lekualdaketa, datu horien arabera.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoko arduradunek azalpenak eman dizkiete asteazken honetan herritarrei, eta lasaitasun mezua helarazi diete.

Geologoaren abisua

Bere hitzek ''alarmistak'' eman ditzaketela aitortu du Zaragozako Unibertsitateko adituak, baina urtegia ''gorantz'' doala agerian uzten duten Ebroko Konfederazio Hidrografikoko txostenak dira benetan ''beldurra'' sortzen dutenak, haren hitzetan.

''Urtegia arriskuan dago. Ez dut nik bakarrik esaten. Konfederazioaren txostenek esaten dute'', azaldu du. Geologoak azaldu duenez, urtegiko eskuin hegala mugitu da, 180 mm hilean, eta horrek lekualdatze larriak eragin ditu. ''Egoera, nire ustez, larria eta dramatikoa da'', gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea