Gizartea -

Kukutzaren hustea

Kukutzako lurraren jabeak ez du akusazioarekin jarraituko

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak ez du “harrigarri” ikusten enpresa eraikitzailearen erabakia, gaztetxea babestu nahi izan zuten milaka pertsonetatik 23 kondenatzea “zentzugabea” delako.

Kukutza eraitsi zuten uneko artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
Kukutza eraitsi zuten uneko artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
Kukutza eraitsi zuten uneko artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Errekalde auzoan zegoen Kukutza III gaztetxea hartzen zuen eraikinaren jabeak (Cabisa) hasiera batean inputatuta zeuden hiru pertsonen eta 2011ko udan eraikina hustu zutenean atxilotutako 23 pertsonen kontrako akusaziorekin jarraitzeari uko egin dio. Hala, zabalik zegoen prozesua itxi egingo dute.

Kukutzarekin Elkartasun Taldeak (KET) jakinarazi du enpresak hartutako erabaki hori. Eragile horrek ez du "harrigarri" ikusten enpresa eraikitzailearen jarrera, euren ustetan, ikuspuntu juridiko batetik, "zentzugabea" delako gaztetxea babestu zuten milaka pertsonetatik 23 soilik kondenatzea.

Taldeak gogoratu duenez, 2011ko udara arte, Errekaldeko inork ez zuen Cabisa enpresari buruz ezer jakin, eta eraikina erosi zuen "hura enbargatuta zegoenean eta aurreko jabea iheslaria zenean. Gainera, "Kantabrian hirigintza-ustelkeria kasuetan murgilduta egon da", nahiz eta horien arduradunak ez dituzten kartzelan sartu, "delituak preskribatu direlako".

"Kukutza III gaztetxeko utzaraztearen eta eraistearen inguruko prozesu judizialetan Cabisa bigarren maila batean mantendu izan da, eta soilik salaketak zein hainbat izapide eskatu ditu. Hala ere, Iñaki Azkunaren EAJri egin beharrekoak betetzera behartu dio", gaineratu dute.

Horren harira, 2011ko irailaren 22an burututako bista "oso adierazgarria" izan zela uste dute. Horretan, eraikina eraistea bi egunez atzeratzea lortu zuten, eta "Bilboko Udalaren ordezkari legalak protagonismo guztia izan zuen, eraisteko agindua berretsi zuelako". Hala, Cabisa "udal ordezkariak esandakoari atxikitzen naiz" esatera mugatu zen.

Era berean, Kukutzarekin Elkartasun Taldeak nabarmendu du enpresak ez duela eraikina berreskuratzeko "inolako interesik". Horren adibidea da "gaztetxea bota zutenetik bi urte igaro direla eta eremu horretan ez dutela ezer egin".

Hori guztia dela eta, kolektiboak manifestazio bat deitu du gaurko, 20:00etan. Bilboko udaletxetik abiatuko dute, epaitegietatik igaroko dira eta EAJren egoitza den Sabin Etxean bukatuko dute protestaldia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Bizkaia Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Gazteak