Gizartea -

Ezbeharra Santiagon

Kutxa beltza eta tren-gidaria, istripua argitzeko gakoak

80 gorpuetatik 13k identifikatu gabe jarraitzen dute. Hasierako ikerketaren arabera, litekeena da ezbeharra gehiegizko abiadurak eragin izana.

Azken 70 urteetako istripu larriena izan da Santiagokoa. Argazkia: EFE
Azken 70 urteetako istripu larriena izan da Santiagokoa. Argazkia: EFE
Aurrekaririk gabeko istripu baten kronika beltza

3:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

80 lagun hil eta beste 178 zauritu dira (horietatik, 33 oso larri) asteazken honetan Santiagotik hurbil, Galizian, Renfe bidaiari tren bat errailetik atera ostean. Ia 24 ordu geroago, istripuaren jatorriaren inguruko hainbat hipotesi izan dira bolo-bolo.

Atentatuaren hipotesia baztertu ostean, hasierako ikerketak dioenez, litekeena da ezbeharra gehiegizko abiadurak eragitea. Tren-gidaria onik dago, eta bertatik 180 km/h-ko abiadura zeramala aitortu du (bertako muga 80 km/h-koa izanda). Izan ere, segurtasun kamera batek istripuaren unea grabatu du, eta trenak bihurgunetik abiadura handiz igaro zuela da ikusgai bideo hartan.

Hipotesiak

Horren harira, Juan Jesus Garcia Fraile makinisten sindikatuaren idazkari nagusiak esan duenez, Alvia trenaren istripua "hainbat baldintzen baturaren ondorioa izan da". Halaber, Garcia Frailek adierazi duenez, ezbeharraren lekuan "bihurgune handia dago".

Gainera, Julio Gomez-Pomar Renfeko presidenteak adierazi duenez, errailetik ateratako trenari "ikuskapena egin zioten asteazken goizean". Halaber, istripua jazo zen lekuak "segurtasun-sistema du", Gomez-Pomarren arabera, COPE irrati-kateari egindako adierazpenetan.

Ikerketa abian dago, hortaz, agintariek zuhurtziaz aritzeko eskatu dute. Lehen urratsa eman dute dagoeneko: Santiagoko Instrukziozko 3. Zenbakiko Epaitegiaren epaileak tren-gidariari inputatu gisa deklarazioa hartzea agindu du. Gidaria Poliziaren esku dago une honetan.

Hildakoak eta zaurituak

Goiza bitartean eta bilaketa-lanek aurrera egin duten heinean, hildako kopuruak gora egin du, guztira, 80 hildako. Halaber, 178 zauritu izan dira: horietatik 87 ospitaleratuta daude, eta 33 oso larri daude (horietatik lau adingabeak dira).

Orduak aurrera egin ahala, hildakoak identifikatu dituzte, eta senitartekoak hildakoei buruzko lehen datu ofizialak jasotzen hasi dira. 13:00ak aldera bertan behera utzi dituzte biktima berrien bilaketa-lanak.

Auzitegiko medikuek ostiral honetan egingo dizkiote frogak 80 gorpuetako 13ri, gaur ezin izan baitituzte identifikatu, Galiziako Auzitegi Gorenak jakitera eman duenez.

Doluminak

Galiziako Xuntak ezohiko bilera egin du ostegun goizean eta ondoren, zazpi dolu egun ezarri ditu. Halaber, Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteak doluminak eskaini dizkie biktimen familiei, "mina baretzeko nahikoa ez dela jakinda".

Biktimen senitartekoek hainbat eragile sozial eta politikoen doluminak jaso dituzte, Estatuan eta nazioartean ere. Gainera, nazioarteko hainbat hedabideen edizio digitalek eman dute istripuaren berri. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak, erakundeek eta alderdi politikoetako ordezkariek euren dolumina erakutsi dute Santiagotik gertu izan den tren-istripuagatik.

Nuñez Feijoo, Mariano Rajoy Gobernuko presidentea eta Ana Pastor Sustapen ministroa ezbeharraren lekuan izan dira. Ondoren, Rajoyk zazpi dolun egun deitu ditu Estatuan.

2000tik Europan izandako tren-istripu larriena izan da, eta Estatuan azken 70 urteetan jazotako istripurik larriena da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea