Gizartea -

Santiagoko tren istripua

Poliziak epaitegira eraman ditu trenaren kutxa beltzak

Adituak trenaren bagoiak ere aztertzen hasiko dira gaur. Makinariak trenbideko beste tarte batean zegoela pentsatu zuela esan dio epaileari.

Trenaren kutxa beltza. EFE
Trenaren kutxa beltza. EFE
Kutxa beltzak epaitegietara eraman dituzte

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak Fontiñasko epaitegira eraman ditu gaur goizean Santiagon istripua izan zuen trenaren kutxa beltzak, barruan duten informazioa jasotzeko.

Kutxa beltzek ordu eta erdiko ahots grabazioak eta hainbat bidaiatako (30 egun edo 20.000 kilometro) datuak biltzeko ahalmena dute. Besteak beste, trenaren abiadura, ordua, balazta erabil ote den eta beste hainbat datu tekniko ditu.

Bost orduz aritu dira kutxa beltzen barruko informazioa jasotzeko. Luis Alaez epaileak kutxetako edukiaren segurtasun kopia egitea agindu du eta, horretarako, fabrikatzaileari instrukzioak eskatu dizkiote.

Datu teknikoak jasota, elkarrizketen transkripzioa ere egin dute.

Ikerketaren arduradunek azaldu dutenez, Renferen Segurtasun zuzendaria eta ordezkari judizialak bertan daudela irekiko dute kutxa beltza.

Hain zuzen ere, USB memoria bat sartuko dute kutxa horretan, informazioa jasotzeko, eta ondoren Polizia Judizialari igorriko diote. Horrek txosten bat bidaliko dio Luis Alaez instrukzio-epaileari.

Igandean makinariak epailearen aurrean aitortu zuenez, istripuaren unean atentzioa galdu zuen, eta trenbideko beste tarte batean zegoela pentsatu zuen. Arduragabekeriazko 79 homizidio egotzi dizkiote.

Efe agentziak jakinarazi duenez, makinariak 190 km/h-ko abiaduran zihoala aitortu zuen, istripua izan zen bihurgunean gehiegizko abiadura 80 km/h-koa bada ere. Trena gelditzen saiatu zen, "baina berandu zen dagoeneko".

Makinaria bi orduz deklaratzen izan zen igande honetan instrukzio-epailearen aurrean, eta ondoren aske geratu da, baina hainbat kargu egotzita. Deklarazio horretan, ukatu egin zuen istripua akats tekniko baten ondorioz gertatu izana.

Astean behin joan beharko du epaitegira sinatzera, eta, sei hilabetez, debekatuta du Estatutik ateratzea. Halaber, trenak gidatzeko baimena kendu diote, urte erdiz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea