Gizartea -

EITB.COM-eko erreportajea

'Fracking'-aren produktibitatea eta etorkizuna

Enpresa ustiatzaileek diote haustura hidraulikoak hazkunde ekonomikoa suspertuko duela. Horren kontrakoek, berriz, ez duela horrenbesteko onurarik ekarriko uste dute.

Gas ez-konbentzionala ateratzeko putzuen dentsitate handiko eremua AEBetan. Argazkia: Ecoflight.
Gas ez-konbentzionala ateratzeko putzuen dentsitate handiko eremua AEBetan. Argazkia: Ecoflight.
Gas ez-konbentzionala ateratzeko putzuen dentsitate handiko eremua AEBetan. Argazkia: Ecoflight.

Iker Rincon | EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atlantikoko isurialdean gas ez-konbentzionala ustiatu nahi duten enpresen esanetan, aurkitutako erreserbek hazkunde ekonomikoa suspertzeko, lanpostuak sortzeko eta lehiakortasuna handitzeko aukera emango dute. Fracking-aren kontrakoen ustez, berriz, sistema horrek ez du horrenbesteko onura ekonomikorik ekarriko.

Shale Gas España haustura hidraulikoaren teknika erabili nahi duten enpresen plataformaren bozeramaile Monica V. Cristinak onartu du sistema hori ez dela panazea bat, eta ez duela ez Espainian ez Europan AEBetan eragindako "iraultza" sortuko. Horren ustez, baina, "ekonomiarentzat onuragarria izan daiteke, inbertsio pribatuak erakarri eta industrian lehiakortasuna sustatuko baitu".

Horrekin batera, Estatuaren energia sistemarako lagungarria izatea espero du. "Industriaren ikerketa baten arabera, gas mota horren potentzial handiak energia kontsumoa berma dezake 55 urtez. Ikertu eta inbertitu behar da. Potentzial horren % 10 soilik aurkituko bagenu, Estatuaren dependentzia energetikoa murriztea lortuko genuke, gaur egun ia % 100ekoa baita (hidrokarburoei dagokienez)", azaldu du Shale Gas Españako bozeramaileak.

ERAGIN EKONOMIKOA

Iker Garcia Euskadiko, Nafarroako, Errioxako eta Soriako Meatzeetako Ingeniari Teknikoen Eskola Ofizialeko batzordekideak azaldu duenez, gasa erauzteko putzu bakoitza eraikitzeko 20 eta 25 milioi euro artean behar dira, "eta hori ustiatzen hasi aurretik". Diru hori guztia, gainera, inguru horretan geratuko da, "makinaria eskuratzeko gastuak izan ezik", beste herrialde batzuetatik inportatu behar baita, Erresuma Batutik, besteak beste. "Gasa saltzen denean, berriz, Estatuak zerga batzuk kobratzen ditu; ondorioz, putzu bakoitzaren eragin ekonomikoa oso handia da", azaldu du.

Putzu bakoitzaren errentagarritasunari dagokionez, horietako bakoitzean aurkituko den gas kopuruaren araberakoa izango da, eta, "gas naturalaren kWh bakoitza 5 eurotan saltzen dela kontuan izanda, hori diru asko da", adierazi du.

Horren etorkizun oparoa ikusten ez dionik ere badago. Aitor Urresti ingeniari industrial, EHUko irakasle eta Fracking Ez Bizkaia elkarteko kidearen arabera, gas ez-konbentzionala ustiatzea "gehiegi balioetsita" dago. "Zundaketak egin eta bertan gasa dagoela ondorioztatu ostean hasten dira ustiatzen. Baina, azkenean, baliteke hasieran pentsatzen zenaren % 10 besterik ez egotea".

Polonian gertatutakoa da horren adibide. Ingelesez shale (eskisto edo arbel bituminosotik eratorritako gasa) izenaz ezagutzen den gas horrek potentzial handia izango zuela uste zuten, baina, meatokiak ustiatzen hasi zirenean, aurreikusitakoa baino 10 aldiz gutxiago ateratzen ari direla ikusi zuten, eta kalitate oso eskasekoa. "Saltzeko prezioa sortzen duen energia kantitatearekin lotuta dago; eta, kalitate baxukoa denean, energia gutxiago sortzen du. Beraz, erreserba gutxiago badituzu eta espero zenuena baino diru gutxiago irabazten baduzu, negozioa oso txarra izango da", azaldu du.

Garciaren arabera, hori ez gertatzeko, lur azpia ikertu eta aztertu behar da, arrokan itsatsita dagoen gasaren ezaugarriak zehazteko. "Meatzeetako ingeniariok, orokorrean, meategiak aurkitzen saiatzen gara, eta soilik ekonomikoki bideragarriak direnean ustiatzen ditugu".

EHUko irakasleak iragarri duenez, Atlantikoko isurialdean gasa produzitzea AEBetan baino askoz garestiagoa izango da, "hemen ingurumena babesteko neurriak handiagoak direlako. Hortaz, ustiapen horien errentagarritasuna nahiko zalantzagarria izango da".

ZENBAT DENBORAZ USTIA DAITEKE PUTZU BAT?

"Putzu bakoitzaren bizitza baliagarria 7 urte ingurukoa da, eta lehenengoa da emankorrena", ziurtatu du Urrestik. Bigarren urtetik aurrera, produktibitateak % 60-70 egiten du behera, "haustura hidraulikoak lur azpiaren zati txiki bat baino ez duelako iragazkor bihurtzen, eta pitzadura horietatik oso azkar askatzen da gasa".

Gas naturala ustiatzen eta komertzializatzen duten enpresek eskaintza mantendu behar dute ustiapena errentagarria izateko. Hori dela eta, aurrekoak agortzen diren heinean, putzu gehiago eraiki behar izaten dituzte, eta horien dentsitate handia sortzen da.

LANPOSTUEN SORRERA

Meatzeetako Ingeniari Teknikoen Kontseilu Nagusiaren txosten baten arabera, AEBetan 2 milioi lanpostu sortu dira haustura hidraulikoaren inguruan, eta datozen hamar urteetan emaitza hori bikoiztea aurreikusi dute.

Aitor Urrestiren hitzetan, fracking-ak "ez du ia lanposturik sortzen". Sortzen dituenak kanpoko jendeak hartzen ditu, "behar horiek asetzeko formazio nahikoa dutelako". Beraz, horren aurreikuspenen arabera, inguruko herrietako jendeak ez du proiektu horietan lan egingo, eta hartzen dituzten lanpostuak epe laburrerakoak izango dira, "eta baldintza eskasak izango dituzte".

Iker Garciaren iritzian, hasiera bateko beharginak kanpotarrak izango dira, baina ustiatzen hasi eta 7 edo 8 urtera tokiko jendeak hartuko du lan hori, "oso garestia delako kanpoko jendea mantentzea". "Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoan kualifikazio oso altua duen jendea dago lan horiek egiteko", azpimarratu du.

ZER DELA ETA 'FRACKING'AREN ALDEKO APUSTU HORI?

Fracking Ez Araba plataformaren arabera, mundu mailako ikuspegi batetik aztertu behar da energia horren aldeko apustua. "Orain 'aurkitu' duten gas naturala etorkizuneko hornikuntza energetikoaren arazoen irtenbidea izango dela iragarri dute", salatu du.

Gasa "beti egon da hor", nahiz eta aurretik hura ateratzeko saiakerak porrot egin zuten, gaineratu dute. Hala ere, aurrerakuntza teknologikoak lagun, erreserba berriak aurkitzeko premia handia duen sektore energetiko batek "arazo guztiei irtenbidea emango dion sistema" dela esanez aurkeztu du fracking-a.

Bestalde, plataformakoek jakinarazi dutenez, haustura hidraulikoak erreserba horien aldeko apustua egin du, orain arte hondartzat hartu arren; izan ere, "eskuratzeko zailak dira, errendimendu oso txarra dute eta aurreikusi ezin diren ondorioak ditu". Hori dela eta, "ateratzea lortuko balute ere, gas ez-konbentzionalak amaitzear den eredu baten agonia luzatu besterik ez luke egingo", gaineratu dute.

ERRENTAGARRITASUNAREN BILA

Gas mota hau, bere ezaugarriengatik eta ateratzeko moldeagatik, gas konbentzionala baino askoz garestiagoa da. Hala, produkzio kostuak salmentarenak bezalakoak edo txikiagoak badira, hondamendia izango litzateke.

"2010-2011n AEBetan gasaren salneurria jaisten hasi zen, eta errentagarria izateari utzi zion. Hala, enpresa estatubatuar ugarik behea jo dute", azaldu du Urrestik.

Europan gasaren prezioa AEBetan baino askoz garestiagoa da. "Hori dela eta, enpresa estatubatuar ugarik hona etorri dira errentagarritasun bila", ziurtatu du EHUko irakasleak. Halaber, EAEn fracking-a bideratu nahi duten enpresa gehienak matrizea AEBetan edo Kanadan duten filialak direla gaineratu du.

Iker Garciaren ustez, baina, gas ez-konbentzionalaren aldeko apustua gaur egun gas naturalak duen salneurriak eragin du, "meatoki urriak errentagarriak bilakatu direlako, eta lehen ezertarako balio ez zuten lehengaiak gero eta baliotsuagoak bihurtzen ari direlako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Frackinga bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Gasaren krisia Europan