Gizartea -

Hondarribiko alardea

Alardean plastiko beltzik ez jartzeko eskatu du Segurtasun sailak

Plastiko beltzik ez ateratzeko eskatu dio Jaularitzak alarde tradizionalari, eta desfilea manifestazio itxuran ez egitea alarde parekideari.

Alardea

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero bi alardeen desfileak arautzeko egin behar izaten duen ebazpenaren bidez egin du eskaera Jaurlaritzak. Eta aurtengo ebazpenak berritasun bat baino gehiago dakar. "Gertakizun historiko bat adierazten duen desfilea" izatea eta  "emakumearen presentzia eta integrazio aktiboa duen alarde publikoa errebindikatzea", aitortu dio alarde parekideari.

Halaber, Segurtasun Sailak alde biei esan die alardea ospatzeko "funtsezko eskubidea" dutela, Ikuskizun Publikoei buruzko Legean oinarrituta.

Bestalde, bi alardeen ordutegiak eta  ibilbideak zehaztu ditu Jaurlaritzak.  Jaizkibel Konpainia, alegia, alarde mixtoa, goizeko 08:25ean abiatuko da Zumarditik. Eusko Jaurlaritzatik desfilea ez dezatela manifestazio itxuran egin eskatu diete antolatzaileei. Aurretik, Jaizkibelgo kideek adierazia zuten, aurten pankartarik gabe aterako direla, beste konpainien moduan desfilatzera.

Bestalde, alarde tradizionala goizeko 08:55tan aterako da. Azken horiei, plastiko beltzik ez jartzeko eskatu diete Segurtasun sailak; emakumeak alardean soldadu gisa parte hartzearen kontra daudenek, plastiko beltza jarri izan dute kale nagusian.

Batzuei eta besteei, elkarrekin bizitzeko eta toleranteak izateko borondatea ager dezatela eskatu diete.

Bien bitartean, Gipuzkoako Aldundiak, Emakundek eta Arartekoak babesa agertu diete Jaizkibel konpainiako kideei eta, bihar, Hondarribian izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Hondarribia albisteak Gizartea Jaiak Hondarribiko alardea azken ordukoa