Gizartea -

Zirkulazioa

Jaurlaritzak isunak jaso dituzten ibilgailuen agiriak egiaztatuko ditu

Azarotik aurrera, Trafiko Zuzendaritzak isunen bat jaso duten ibilgailuen gidariak zigortuko ditu, Ibilgailuen Azterketa Teknikoa dagokienean egin ez badute edo asegururik ez badute.

Urriaren 7an hasiko dira agiriak egiaztatzen. Argazkia: EiTB.
Urriaren 7an hasiko dira agiriak egiaztatzen. Argazkia: EiTB.
Urriaren 7an hasiko dira agiriak egiaztatzen. Argazkia: EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hurrengo astelehenetik, urriaren 7tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak arauren bat hausteagatik isunen bat jaso duten ibilgailuen agiriak egiaztatuko ditu, Ibilgailuen Azterketa Teknikoa dagokienean pasatu duten edo derrigorrezko asegurua baduten jakiteko.

Urrian, atzematen dituzten arau-hausteak jakinarazi egingo dituzte, baina ez dituzte gidariak zigortuko: gutun informatibo bat bidaliko dute, derrigorrezko asegurua hitzartu gabe zirkulatzen ari direla, Ibilgailuen Azterketa Teknikoa dagokion epean egin ez dutela edo azterketa horretan aurkako irizpena eman dietela jakinarazteko.

Trafiko Zuzendaritzatik azaldu dutenez, euskal errepideetan segurtasunerako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituen ibilgailurik ez zirkulatzea da kontrolen helburua. Horrela, istripuen kopurua gutxitu eta gidariek aldian behingo azterketen garrantziaren kontzientzia hartzea nahi dute.

Edozergatik (abiadura handiegia edo beste edozer) zehapen espediente bat zabaltzen denean, beraz, arau-hauslearen ibilgailuari azterketa teknikoa egin diotela eta asegurua indarrean duela egiaztatuko dute Ibilgailuen Erregistroan.

Azarotik aurrera, dagokionean azterketa teknikoa egin ez duen gidariari 200 euroko isuna jarri ahal izango diote, eta IATn kontrako irizpena jasota duen ibilgailu bat daraman gidariari 500 eurokoa. Halaber, asegururik gabe gidatzeagatik 900 eta 2.800 euro arteko isuna jarri ahal izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea