Gizartea -

Hezkuntza erreforma

Oposizioak, LOMCEri planto: "Hilda jaio da", salatu dute

Kongresuko gehiengoa aldatzen denean, erreforma indargabetzeko konpromisoa berretsi dute oposizioko talde gehienek. Wertek bere legearen alde egin du, beste behin.

Xabier Mikel Errekondo (Amaiur), besoak gurutzatuta, LOMCE Legearen kontra dagoela adierazteko.
Xabier Mikel Errekondo.
Kongresuko oposizioak LOMCEren aurka egin du

1:50

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioak ia bat eginda jardun du gaur Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren (LOMCE) proiektua eztabaidatzeko Kongresuan egiten ari den osoko bilkuran. Hala, erreforma indargabetzeko konpromisoa berretsi dute talde gehienek, "hilda jaio" delako, eta "hezkuntza komunitateari entzun gabe eta tramitazioan ia aldaketarik sartu gabe" garatu delako.

Talde parlamentarioek hartu dute hitza lehendabizi, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak Legea aurkezteko agerraldia egiteari uko egin diolako. Gero, baina, taldeen kritikak entzunda, erreformaren alde egin du.

EAJko Isabel Sanchez Roblesek agertu duenez, gehiengo "zanpatzaile" batek egindako "mesianismoa" da lege hori. "Hizkuntza propioa duten erkidegoetako sistemen kontra egiten du, hizkuntzok ezerezean uzteko asmoz", salatu du.

Euskadin indarrean sartuko ez dela ohartarazi du Amaiurrek. Hain justu, eztabaidako agerraldirik deigarriena egin du Xabier Mikel Errekondo Amaiurko diputatuak. Besoak gurutzatuta igo da oholtzara, eskutan liburu banarekin, zigortuta dagoela iradokiz. Errekondoren hitzetan, "gure herriaren bihotzaren kontrako bonba da lege hau. Espainolizatzailea, zentralizatzailea, doktrinatzailea eta elitista da", salatu du tarteka euskaraz egindako agerraldian.

Talde katalanak ildo beretik mintzatu dira, eta erreformak Kataluniako Hezkuntza Legearen eskuduntzak urratzen dituela salatu dute. Joan Tarda ERCko diputatua harago joan da, eta honakoa adierazi du: "NODO garaiko gurutzada nazional katolikoa da, fanatismo hutsa. Franco gure hizkuntza hiltzen saiatu zen, eta ez zuen lortu; zuk ere ez", erantsi du Werti erreferentzia eginez.

Marti Barbera (CiU) diputatuak katalana eta gaztelania "modu bertsuan" errespetatzeko deia egin dio Espainiako Gobernuari.

Talde Mistoko Geroa Bai, Compromis, CC eta BNG alderdiek LOMCEren kontra bozkatuko dutela iragarri dute. Asturias Foroak, berriz, zuri bozkatuko du, erreforma baino "lifting leuna" dela argudiatuta.

"Alderdi Popularrak gehiengo osoa galdu arte, zonbia izango da eta alderdia arrastaka eramango du. Ez duzue garaituko, inor konbentzituko ez duzuelako", adierazi du Joan Baldovi Compromiseko diputatuak.

Mario Bedera PSOEko kideak salatu duenez, Wertek ez du "ezer negoziatu, eta Legea inposatu" baino ez du egin. Erreforma "zentzugabekeria politiko, pedagogiko eta juridikoa da, eta ez du eskola porrota konpontzen. Ez da bidezkoa eta baztertzailea da", esan du.

Caridad Garcia (Izquierda Plural) eskola publikoaren aldeko elastiko berde bat jantzita igo da oholtzara. Horren esanetan, "Wert legea laburra izango da, hilda jaio delako, eta zatitzailea, pribatizatzailea eta merkantilista da".

UPNko bozeramaileak ez du hitza hartu eta bozketan abstenitu egingo dela iragarri du.

Werten defentsa

Jose Ignacio Wert Hezkuntza eta Kultura ministroak hitza hartu du oposizioko taldeen kritikei erantzuteko. Hainbat bozeramaile parlamentariok haren kontra egin dituzten "irain eta begirunerik gabeko adierazpenei" erantzungo ez diela ohartarazi du ministroak. Horren arabera, erreformak "eskola porrotarekin amaituko du, ikasleei ibilbide malgu eta itzulgarriak eskainiz".

Euskaldunek eta katalanek hizkuntzaren alorrean egin dizkioten kritikei erantzunez, euskara eta katalana "gaztelaniaren pare" ipintzen dituen lehen erreforma dela adierazi du Wertek. "Erreformak erkidegoen hizkuntza ofizialak gutxiesten dituela esatea ez da bidezkoa, ezta egia ere. Gaztelaniaren maila berean ipintzen ditu hizkuntzok, ordu kopuruan eta erabilpenean, eta murgiltze linguistikoa errespetatzen du", erantsi du.

Eztabaidaren ostean, Kongresuko pasilloetan zela, Senatuan babes gehiago biltzeko eta taldeak "eraikitzaileago" izateko itxaropena agertu du Wertek. "Gaur, zoritxarrez, ez dugu hezkuntzaren egoera hobetzeko aukerarik izan", erantsi du.

Alderdi Popularraren botoekin onartuko dute

Kritikak gorabehera, erreforma onartu onartuko da, Alderdi Popularrak Ganberan duen gehiengo osoa baliatuta. Ondoren, Senatuan bozkatuko dute Legea.

Hezkuntza erreformak aldaketa handiak ekarriko ditu egungo sistemara. Besteak beste, gaztelania indartuko du, gainerako hizkuntza koofizialen kaltetan, eta ziklo bakoitzaren amaieran azterketak ezarriko ditu.

Ministroen Kontseiluak maiatzaren 17an onartu zuen, eta ordudanik oposizioak (Asturias Foroa eta UPN salbu) aurkeztutako 11 osoko zuzenketa eta 42 zuzenketa partzial gainditu ditu. Horrez gain, UPyDk, Forok, CCk, UPNk, BNGk eta ERCk aurkeztutako 30 zuzenketa adostu behar izan ditu Alderdi Popularrak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Hezkuntza legea berriak Espainia argazkiak Alderdi politikoak berriak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Hezkuntza