Gizartea -

Noos auzia

Barberak Noos institutua kontratatzeko agindua ematea ukatu du

Valentziako alkateak lekuko gisa deklaratu du Noos auziko epailearen aurrean, eta Iñaki Urdangarinekin Zarzuelan bilera bat eduki izana ukatu du.

Rita Barberá Valentziako alkatea. Argazkia: EFE
Rita Barberá Valentziako alkatea. Argazkia: EFE
Rita Barberá Valentziako alkatea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rita Barbera Valentziako alkateak lekuko gisa deklaratu du larunbat honetan Noos auziko Jose Castro epailearen aurrean. 2004 eta 2005eko Valencia Summit topaketaren harira, Iñaki Urdangarinekin Zarzuela bilera bat izatea eta Noos institutua kontratatzeko agintzea eta presionatzea ukatu du.

Ordubetez egon da lekuko gisa deklaratzen, eta 12:00etarako deituta bazegoen ere 11:30ean heldu da Valentziako epaitegira. Hala ere, ez da ate nagusitik sartu eta haren zain zeuden kazetariei eta manifestariei izkin egitea lortu du.

Barberak alde guztien galderak erantzun ditu eta Iñaki Urdangarinekin hiru bilera izan zituela onartu du, iturri judizialek jakinarazi dutenez. Galdeketan zehar ez omen diote ohartarazi Noos auzian inputatua izan daitekeenik. Juan Antonio Samaranch Nazioarteko Batzorde Olinpikoko presidente ohiak proposatu omen zion Urdangarinekin bilera egiteko, Valentziarentzat Valencia Summit moduko jardunaldiak antolatzea onuragarria izango zelakoan. Gai hori hizpide hartuta egin omen zuten lehen bilera eta Iñaki Urdangarinek ideia batzuk plazaratu bazizkion ere, ez omen zion proiektu zehatzik aurkeztu.

Bigarren bilera bere bulegoan egin zutela onartu du Barberak, eta hirugarren aldiz Valentzian bazkaltzeko gelditu zirela.

Deklarazioaren ondoren, kazetarien galderei erantzun die, eta Justiziarekin kolaboratu duela nabarmendu du. Valencia Summit topaketa antolatzeko Cacsa enpresaren eta Valencia Convention Bureau fundazioaren erreferentziak eman zizkiola adierazi du, baina balizko finantzatzaileen zerrenda ematea ukatu du.

Campsek idatziz deklaratuko du igandean

Jose Castro epaileak Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidente ohiari ohartarazi dionez, idatziz eta idazkari judizialaren aurrean epailearen, akusazioaren eta bi aldeen galderei erantzun beharko die igandean 11:30ean hasita.

Palmako instrukzio epaitegiko 3. Zenbakiak ez daki Francisco Camps non dagoen, eta litekeena da biharko deklarazioa bertan behera gelditzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea