Gizartea -

Iruzurrak errepidean

EAEn trafiko istripu faltsuekin iruzurrak egin direla jakinarazi dute

Gaizkileek auto-istripu bat gertatu izanaren itxurak egiten dituzte, biktimei iruzur egin ahal izateko. Aurten, horrelako bost kasu topatu ditu Ertzaintzak.

EAEn, iruzur horren bost kasu hauteman ditu Ertzaintzak aurten. EITB
Trafikoa EAEn
EAEn, iruzur horren bost kasu hauteman ditu Ertzaintzak aurten. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak EAEn hauteman duen azken iruzurraren berri eman du gaur. Frantziarrak direla esaten duten bi gizonezkok trafiko istripua izan dutenaren itxurak egiten dituzte, eta jadanik 5.000 euro atera dizkiete euren biktimei.

Orain arte, iruzur mota horretako bost kasu hauteman dira, hiru Gipuzkoan, bat Bizkaian eta beste bat Araban. Kaltetu guztiak adineko pertsonak dira.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, gaizkileek ibilgailu batekin talka egin izanaren plantak egiten dituzte, eta ibilgailu horren jabeari dirua eskatzen diote kalteak erreparatu ahal izateko.

Gizonezkoetako batek biktimari jakinarazten dio horrek autoaren atzerako ispilua kaltetu diola, eta aseguruari ustezko dei bat egiten dio.

Jarraian, biktimari telefonoa uzten dio, ustezko aseguru-etxeko langilearekin hitz egin dezan. Gizonezko horrek momentuan bertan 500 eta 2.500 euro artean ordaindu behar dituela adierazten dio kaltetuari, baina gero itzuliko diotela. Gainera, iruzurgileak Frantzian aseguru-etxeek horrela funtzionatzen dutela adierazten dio biktimari.

Lehenengo iruzurra otsailean gertatu zen, Gasteizen; bigarrena, maiatzean, Lasarte-Orian (Gipuzkoa); eta hirugarrena, irailean, Zaldibarren (Bizkaia). Azkeneko bi kasuak hilabete honetan izan dira, Andoainen eta Eibarren (Gipuzkoa).

Ertzaintzak iruzur gehiago egon ote diren ikertzen dihardu, posible baita biktima askok horrelako zerbait gertatu zaiela ez jakitea. Gainera, trafiko istripua izanez gero, aurrez dirurik ez ematea gomendatzen du, eta Ertzaintzari deitzea, kalteak, dokumentazioa eta asegurua ikuskatu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripu Hilgarriak