Gizartea -

Google Espainia

900.000 euroko isuna Googleri, datuak 'legez kontra' erabiltzearren

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak hiru arau-hauste larri egitea egotzi dio erraldoi estatubatuarrari, eta bakoitzagatik 300.000 euro ordainaraziko dizkio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datuak Babesteko Lege Organikoaren kontrako hiru arau-hauste larri egiteagatik, 900.000 euroko isuna ezarri dio Datuak Babesteko Espainiako Agentziak Google Espainiari; 300.000 euroko isuna arau-hauste bakoitzeko, hain zuzen.

Legea "berehalakoan" betetzeko galdegin dio beste behin Espainiako Agentziak multinazionalari. Izan ere, horren arabera, Googlek "legez kontra" erabili ditu erabiltzaileen datu pertsonalak.

Erakundearen aburuz, erabiltzaileen zein datu biltzen dituen eta zertarako erabiltzen dituen ez du argitzen Googlek. Sarean dituen hainbat zerbitzuren bidez lortzen dituen datuak konbinatzen ditu, eta datuok mugagabe gordetzen ditu, Legeak ezarritakoaren mugak gaindituta.

Isuna ezarri baino lehen, Legea betetzeko hainbat eskaera egin diote Googleri, baina erantzunik ematen ez zuela ikusita, Alemaniako, Frantziako, Herbehereetako, Frantziako, Italiako eta Erresuma Batuko Datuak Babesteko Agentziek ekimen bateratua abiatu zuten. Hortik etorri da Espainiakoak ezarritako isuna.

Arau-hausteak azaltzeko hainbat adibide ipini ditu Agentziak. Esaterako, Gmailen mezu elektronikoen eta atxikitako fitxategien artean begiratzen dute publizitatea sartzeko, eta ez diote horren berri ematen erabiltzaileari. Informazioa ematen dioten kasu apurretan, terminologia zehaztugabea erabiltzen dute, ulermena oztopatzen duena. Adibidez, Googlen 8 orrialdetan 30 aldiz tankerako hitzak darabiltza konpainia estatubatuarrak: "ahalko dugu", "ahalko du", "ahalko dute" eta "posible da".

Horrekin batera, "erabiltzailearen esperientzia hobetzeko" esamoldea darabil behin eta berriz, eta horregatik guztiagatik "pribatutasun politika zehaztugabe eta nahasia" du Googlek, betiere Agentziaren arabera. Informazio egokirik gabe, erabiltzaileak ez du baimen informatu eta kontziente bat emateko aukerarik, eta, beraz, ezin esan daiteke emandako baimena balekoa denik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Google argazkiak