Gizartea -

Manifestazioa

Milaka lagunek parte hartu dute abortuaren kontrako martxan Madrilen

"Bai bizitzari" plataforma osatzen duten 500dik gora erakundek "benetan" bizitzaz eta amatasunaz kezkatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsonek parte hartu dute igande honetan Madrilen egin den abortuaren kontrako manifestazioan. Antolatzaileen esanetan 100.000 lagun elkartu dira eta Poliziaren esanetan, berriz, 6.000 inguru. Manifestazioa Cibeles plazan hasi eta Puerta del Solen amaitu da, eta bidean bizitzaren eta amatasunaren aldeko aldarriak egin dituzte.

Manifestazioaren amaieran agiri bat irakurri dute Puerta del Solen eta ondorengoa aldarrikatu dute: "Benetan kezkatu daitezela bizitza eta amatasuna babestuko dituen gizartea eraikitzen, eta haurdun dagoen emakumearen beharrak bete ditzatela".

Amatasuna eta familia babesteko "politika aktiboak eta eraginkorrak" eskatu dituzte eta haurdun dagoen emakumea inoiz "bakarrik" ez dela egongo bermatzeko "benetako babesa" ere aldarrikatu dute. Halaber, amatasunarekiko konpromisoa politikara eta lan harremanetara ere bideratzeko eskatu dute.

Ohartarazi dutenez, "jaiotze tasaren beherakada da garai honetako benetako bonba demografikoa", eta hori dela eta "ezinbestekoa da amatasunari babesa ematea Espainiak eta Europak etorkizuna izan dezaten".

Bizitzaren, emakumearen eta amatasunaren aldeko manifestazioa, Iruñeko kaleetan

Antolatzaileen esanetan 2.000 lagunek, 600 inguruk Poliziaren arabera, parte hartu dute abortuaren kontrako manifestazioan Iruñeko kaleetan.

Manifestazioa eguerdian atera da Bakearen plazatik eta Gaztelu plazan amaitu da ordubete geroago agiri baten irakurketarekin.

Ines Abad Bizitzaren aldeko Nafarroako plataformako bozeramaileak azaldu duenez, manifestazioaren helburua abortua errefusatzea da "emakumearentzat eta gizartearentzat gaitza baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea