Gizartea -

Mapa Soziolinguistikoa

Euskararen erabilerak gora egin du lan-esparruan, baina ez etxeetan

Euskararen erabilerak oro har 7 puntuko hazkundea izan du Administrazioan edo lan-esparruan, baina ez etxeetan, V. Mapa Soziolinguistikoaren arabera.

Cristina Uriarte eta Patxi Baztarrika txostenaren aurkezpenean. Argazkia: EFE.
Cristina Uriarte eta Patxi Baztarrika txostenaren aurkezpenean. Argazkia: EFE.
Euskara dakitenen kopurua gero eta handiagoa da

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaldun kopurua handiagotu da, baina euskararen erabilera familiartean txikiagotu. Horiexek dira euskararen V. Mapa Soziolinguistikotik eratorri daitezkeen bi ondorio nabarmenenak. Mapa Eusko Jaurlaritzako Bilboko egoitzan aurkeztu dute, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Cristina Uriarte, eta Hizkuntza Politikako sailburuordea, Patxi Baztarrika, egon dira bertan.

Mapa Soziolinguistikoak euskarak EAEn izan duen garapenaren berri ematen digu.

Euskaldunen ehunekoa gorantz

V. Mapa Soziolinguistikoak zenbait ondorio positibo dakartza.  Izan ere, euskara biziberritzeko prozesua EAEn azken 30 urteotan hazkunde baten kronika izan da orokorrean. Gaur egun, herritarren % 36,4k badaki ongi euskaraz, eta duela 30 urte % 22k bakarrik. Aldi berean, duela 30 urte herritarren bi heren ziren euskaraz tutik ere ez zekitenak, eta gaur egun % 44 dira erdaldun hutsak. Alegia, euskaldunen ehunekoak 14,5 puntuko hazkundea izan du 30 urteotan.

Eta 20 urtetik beherako herritarrei erreparatuz gero, hazkundea ikaragarria izan da. Gaur egun, % 70 baino gehiago dira euskaldunak. Duela 30 urte ez ziren % 20ra iristen. Zalantzarik gabe, euskararen ezagutza belaunaldi gazteenen artean hazi da gehien. Honek esan nahi du 20 urte barru euskal gizartearen 55 urtez azpiko biztanleen % 70 euskaldunak izango direla.

Beste datu aipagarri bat: hamar euskaldunetik ia sei (% 57,8) euskaldun zaharrak dira, etxean jaso dute euskara (euskara bakarrik edo euskara eta gaztelania). Beste lau pasatxo (% 42,2) euskaldun berriak dira. Baina 30 urtetik beherako gazte euskaldunei dagokienez, hamarretik ia sei (% 58) euskaldun berriak dira. Eta euskaldun berrien erdiak (% 49,3) EAEko sei udalerri handienetan bizi dira (Bilbo, Gasteiz, Donostia, Getxo, Irun eta Barakaldo). Euskaldun berrien erdiak eta euskaldunen erdiak baino gehiago euskaldun gutxi dauden eremuetan bizi dira.

Euskararen erabilera etxeetan txikiagotu da

Erabilerari dagokionez, 2011ko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 15 urtetik gorako herritarrek 1991n baino gehiago erabiltzen dute euskara. 7 puntu igo da, oro har, erabilera. Hala ere, lehen aipatu bezala, hazkunde hau batez ere eremu formalean (udaletxeetan, osasun-zerbitzuetan, lan munduan...) izan da.

Mapa honetako paradoxarik esanguratsuenetakoa izan liteke hauxe: duela hogei urte, gaur baino askoz gehiago ziren kide euskaldun bakar bat ere ez zuten familiak. Etxeko erabilerak, ordea, puntu bat behera egin du azken hogei urteotan: % 20,8 dira etxean euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dutenak, eta % 21,8 ziren 1991n.

Datu horrek bi gauza adierazten ditu: alde batetik, euskara gaitasunean hiru hamarkadotan gertatu den hazkunde jarraituak ez duela etxeko erabileran hazkunderik ekarri (nahiz eta euskaraz jarduteko gai diren herritarrak askozaz gehiago izan) eta, bestetik, gaurko euskaldunek ez dutela atzokoek adina erabiltzen euskara etxean.

Baztarrika: 'Euskararen etorkizuna gure esku dago '

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi du datuak aztertuta ondorio batzuetara heldu dela, baina guztietatik batek hartzen du, horren hitzetan, berebiziko garrantzia: "euskararen etorkizuna gure esku dagoela". Halaber, euskararen etorkizunaren giltza euskaraz hitz egiten duten euskal herritarrek dutela nabarmendu du.

Sailburuordearen iritzian, datu argigarria da azken hiru hamarkadetan euskararen botila betetzen joan dela eta neurri handi batean bete dela ikustea, baina "ez da guk nahi beste beste", gaineratu du.

Euskararen botila ez da bete berdin arlo guztietan. Horren harian, askoz ere gehiago bete da eremu formalean (hezkuntzan, adibidez) ez formalean baino.

Erronkak

Patxi Baztarrikak euskararen biziberritzea jarri du erronka moduan, eta esan du "euskarak eta euskararen munduak seduzitu" egin behar duela geure bizitzetan modu naturalean txertatu nahi badu. "Euskarak behar zaitu" lelotik "Euskara behar dut" praktikara igaro behar dugula erantsi du. Era berean, euskararen ezagutzan aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugula esan du, bereziki "eremu ez formaletan, familiartekoan eta harreman pertsonaletan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea