Gizartea -
Luxenburgo
Europako Justiziak Interneten 'ahaztua izateko eskubidea' babestu du
Google bezalako bilatzaileek iraganean argitaratutako loturak ezabatu behar dituztela uste du, herritarren bati kalte egiten diotela edo dagoeneko egokiak ez direla egiaztatuz gero.
Erredakzioa
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako Datuen Babeserako Agentziak aldarrikatutako Interneten "ahaztua izateko eskubidea" defendatu du. Izan ere, gaur eman duen ebazpenaren arabera, Google bezalako bilatzaileek iraganean argitaratutako loturak ezabatu behar dituzte, herritarren bati kalte egiten diotela edo dagoeneko egokiak ez direla egiaztatuz gero.
"Kaltedunak eskatuta, zerrendan agertzen den loturetako bat datu pertsonalen babeserako zuzentarauarekin bateragarria ez bada, ezabatu egin behar dira informazioa eta lotura", Luxenburgon egoitza duen Auzitegiak prentsa-agiri batean jakitera eman duenez.
2010ean hasi zen prozesua. Espainiako Datuen Babeserako Agentziak bilaketa baten emaitzetan lotura bat ez agertzea eskatu zion Googleri. Egunkari digital batean agertzen zen iragarki baten lotura zen ezabatzeko eskatu zutena. Etxe bat desjabetu ostean enkantean jarriko zela iragartzen zuen egunkariak, eta etxe horren jabeak eskatu zuen iragarkia Googleren bilaketetan ez agertzea, desjabetzearen auzia konponduta zegoelako eta bere izenarekin bilaketa eginda hori agertzea galarazi nahi zuelako.
Googlek Auzitegi Nazionalera jo zuen horren kontra, informazioa ezabatzea jatorrizko iturriari dagokiola eta bilaketen emaitzetatik kentzea adierazpen askatasunaren kontrako erasoa litzatekeela argudiatuta. Orduan, Auzitegi Nazionalak Europar Batasuneko Justizia Auzitegira jo zuen.
Baina Auzitegia Niilo Jääskinen abokatu orokorraren kontra agertu da, 2013ko ekainean Googleri eman baitzion arrazoia.
Gaur argitara emandako ebazpenean azaltzen duenez, "Interneteko bilatzailearen kudeatzailearen ardura da beste webgune batzuetan argitaratzen diren datu pertsonalei zein trataera eman", eta datuen babeserako zuzentaraua errespetatu behar du.
Dena dela, kasu bakoitzean ikusi beharko omen da "pertsonak eskubiderik ba ote duen bere izenarekin bilaketa eginda agertzen diren emaitzen zerrendatik loturaren bat kentzeko".
"Eskubidea badu, informazio hori ematen duten webguneen loturak emaitzetatik kendu behar dira, ez badaude bestelako arrazoiak (kaltedunak bizitza publikoan jokatzen duen papera adibidez) interes publikoa kokatzeko pribatutasunaren gainetik", gaineratu du Auzitegiak.
Ebazpenean agertzen denez, kaltedunak bilatzaileari berari egin behar dio lotura kentzeko eskaria, eta horrek aztertuko du lehenik arrazoia ote duen. Eskariari jaramonik egiten ez badiote, kaltedunak auzitegietara jo beharko du.