Gizartea -

Hezkuntza

LOMCEren aurkako aldarrikapenak nagusi,Euskal Eskola Publikoaren jaian

Jaurlaritzak LOMCEri legezkotasuna erabilita aurka egingo diola esan du Iñigo Urkullu lehendakariak, partehartzaileei zuzendutako hitzaldian.

2013ko Euskal Eskola Publikoaren Jaia. Argazkia: EiTB
2013ko Euskal Eskola Publikoaren Jaia. Argazkia: EiTB
Euskal Eskola Publikoaren Jaia hartu du gaur Balmasedak

Erreadakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiaren 23. edizioan LOMCE legearen kontrako aldarriak izan dira nagusi. Aurtengo jaian, inoiz baino gehiago, murrizketarik gabeko eta LOMCErik gabeko euskal eskola publikoa aldarrikatu dute Balmasedan.

Iñigo Urkullu lehendakariak esaterako, legea errespetatuta LOMCEri aurre egingo dietela nabarmendu du.

Balmasedako Mendia eskolak antolatu du aurtengo jaia "Gorantz goaz, GO, GO!" lelopean. Euskara eta eskola publikoaren eskaria gorantz doaz Enkarterrietan, eta horixe erakutsi nahi izan dute aurtengo leloarekin.

Carlos Lopez Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko (EHIGE) presidenteak salatu duenez, LOMCE legea "atzerakoia" da.

Lopezen iritziz, lege horrek "Euskal Eskola Publikoa aurreko mendeko eszenatokira eramatea lortu nahi du", eta hori dela eta, LOMCE legea Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ez aplikatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Bestalde, "Euskal Eskola Publikoa euskal hezkuntza sistemaren ardatz nagusia dela eta izango dela" aitortzea eskatu dio Jaurlaritzari.

Ordezkaritza politiko zabala izan da gaur Balmasedan, izan ere, bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, Isabel Celaa Hezkuntza sailburu ohi eta Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkidea.

Lehen aldiz, egun berean ospatu dira Euskal Eskola Publikoaren Jaia eta Ibilaldia, Bizkaiko Ikastolen Jaia.

Balmasedako jaira hurbildu direnek gozatzeko eta ondo pasatzeko aukera izan dute, antolakuntzak prestatu dituen lau guneetan. Egun osoan, haur, gazte eta familia osoarentzako ekitaldiak izan dira.

12:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek "Bizipoza" emanaldia eskaini dute Seberio Deuna plazan. Musika kontzertuei dagokienez, berriz, Siroka eta Vendetta taldeek emanaldia eskaini dute, 18:30etik aurrera, gazteen gunean.

Urkullu: 'LOMCE geldiarazi, legezkotasuna erabilita'

Autogobernua eta hezkuntza sistema babesteko, Jaurlaritzak LOMCEri legezkotasuna erabilita aurka egingo diola esan du Iñigo Urkullu lehendakariak. Gainera, Hezkuntza "alderdikeriaz eta jaurtigai gisa" ez erabiltzeko deia egin du lehendakariak Balmasedan, Euskal Eskola Publikoaren jaian.

Urkulluk adierazi duenez, "gaur aldarrikapenetarako eguna da, baina, batez, ere, jaiaz disfrutatzeko eguna".

Lehendakariak "lasaitasunaren eta segurtasunaren alde" egin du, izan ere, "azken hiru hamarkadetan profesionaltasuna, parte-hartzea egonkortasuna eta kalitatea izan dira euskal hezkuntza sistemaren arrakastaren oinarriak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE Zer gertatu da Bizkaian? Euskal Eskola Publikoa bideoak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Balmaseda albisteak Eguneko albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Enkartazioak