Gizartea -

Eztabaida Txinan

Txinako Starbucks eta McDonalds, haragi ustelaren auzian nahasita

Starbucksek esan du bere ogitarteko batean Husiri erositako okela atzeman zuela eta saltokietatik berehala kendu duela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Starbucks enpresak Txinako bere saltokietatik zenbait ogitarteko kendu behar izan ditu, Husi okela hornitzailearen inguruko polemikaren ondorioz. Izan ere, Gobernuak Husi itxi du, haragi ustela saldu zuela zabaldu ondoren.

Weibo Txinako sare sozialaren bitartez, Starbucksek esan du bere ogitarteko batean (oilaskoa sagar saltsarekin) Husiri erositako okela atzeman zuela eta saltokietatik berehala kendu duela.

Husik janari lasterreko jatetxeei saldutako okelaren iraungitze data faltsutu zuela zabaldu zuen Dragon TV telebista kateak. Husi hornitzaileak bezero-zorro handia du Txinan.

Agintariek astelehenean itxi zuten Husiren egoitza, ikerketa sakon bat egiteko.

Starbucksekin batera, Burger King konpainiak ere zenbait produktu salmentatik kenduko dituela iragarri du. Ikeak ere oharra kaleratu du, Husirekin zuen harremana irailean eten zuela azpimarratzeko.

Astelehenean McDonalds, KFC eta Pizza Hut enpresek barkamena eskatu zieten euren bezeroei, eta zenbait produktu salmentatik kenduko zituztela ohartarazi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea