Gizartea -

Getxo

Sei magrebtarri eraso diete Algortako jaietan

Ez dute salaketarik jarri eta Poliziak ez du inor atxilotu. Imanol Landa alkateak gertatutakoa gaitzetsi du.

EiTB
Eraso arrazistak eta eraso sexual bat ikertzen dihardute Algortan

1:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Getxoko Udalak salatu duenez, sei magrebtar gazteri eraso diete hiru oldarralditan igande goizaldean, Algortako jaietako azken egunean.

Lehenengo erasoa 4:50 inguruan izan zen, txosnen inguruan, metro geltokiaren ondoan. Halako batean, bertan zegoen jendetzaren zati batek botilak jaurtitzen hasi zitzaizkien bi magrebtar gazteri, horietako bat adin txikikoa, eta buruan zauritu zituzten.

Handik gutxira, agenteek erasoa izan zen eremutik irteten lagundu, eta inguruan zegoen polizia-auto batera eraman zituzten. Agenteek anbulantzia bat eskatu zuten, eta bertan artatu zituzten.

Hamar minutu geroago, 5:00ak aldera, eta leku berean, magrebtar bat eta beste hiritar bat ia borrokatzeko zorian egon ziren, baina azkenik ez zen erasorik ez borrokarik izan.

Hirugarrenik, 5:30 inguruan, txosnen inguruan zeuden hainbat pertsonak Frantziatik etorritako hiru magrebtarri segitzen hasi zitzaizkien, eta ondoren eraso zieten. Hori dela eta, Udaltzaingoak esku hartu zuen, eraso gehiago ekiditeko. Biktimetako bi identifikatu zituzten, eta hirugarren metro geltokian ezkutatu zen.

Imanol Landa Getxoko alkateak Algortako jaietan izandako eraso arrazistak gaitzetsi ditu eta "aurreiritziei eta estereotipo kaltegarriei aurre egiteko beharra" azpimarratu du, "zenbait kolektibo etniko estigmatizatzen baitituzte eta horrek kalte handia egiten dio elkarbizitzari".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea