Gizartea -

Ezbeharra Laredon

Laredon atxilotutakoak asteartean edo asteazkenean deklaratuko du

Madrilgo ospitale bateko erizaina da atxilotutako gizona. Arma zuri batekin 11 bider sastakatu zuen emakumea. Atxilotuak bihar edo etzi deklaratuko du epailearen aurrean.

Hilketa gertatu zen lekuaren irudia. EiTB
Hilketa gertatu zen lekuaren irudia. EiTB
Hildakoen familia eta bizilagunak, etsita

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laredeko hondartzan ustez Marcedes Garcia eta haren aita Gabino hil zituen gizona Madrilgo ospitale bateko erizaina da. Ikerketa iturriek EFEri jakitera eman diotenez, lehendabizi emakumezkoa erasotu zuen, eta arma zuri batekin 11 bider sastakatu zuen. Atxilotuak bihar, asteartea, edo etzi, asteazkena, deklaratuko du epailearen aurrean. Hileta asteazkenean izango da, Laudion (Araba), bi biktimen jaioterrian, 18:30ean.

Laudioko Udalak "gaitzespenik irmoena" adierazi du gaur, astelehena, bi herritarren hilketagatik eta doluminik sakonena helarazi die biktimen senideei. Laudioko 42 urteko emakume bat eta haren aita (71 urte) labankadaz hil zituen atzo M.I.R. Bilboko 52 urteko gizonezko batek Laredoko (Kantabria) hondartzan.

Udal Gobernuak egindako bilera batean, ordezkaritza duten alderdi guztiek -Bildu, EAJ, PSE-EE, PP eta Omnia- aho batez onartu dute adierazpena.

Agirian, Maria Mercedes Garcia Valiño eta Gabino Garcia Garcia aita-alaben heriotzak "gaitzetsi" egin dituzte eta "doluminik sakonena" adierazi dute, biktimen senideei elkartasuna helaraziz.

Bestalde, Angel Vega Laredoko (Kantabria) alkateak esan duenez, antza denez "ez da izan aurreko harremanik erasotzailearen eta biktimen artean".

Guardia Zibilak zenbait hipotesi ditu irekita krimenaren inguruan, genero indarkeriarekin erlazioa izatea izan ezik. Ikerketak ez du baztertzen ustezko egileak biktimak ezagutzea.

"Une honetan ez dago azalpen logikorik. Auzitegiko Polizia ari da, edonola ere, gertatutakoa ikertzen; baina badirudi baztertuta dagoela erasotzailearen eta biktimen artean aurreko harremanik izatea, hau da, ez dago inolako azalpenik; zeharo harrituta gaude, inoiz ez da Laredon halakorik gertatu, pentsaezina zen", esan du Udal Gobernu buruak, Radio Euskadiren mikrofonoen aurrean.

Gainera, Vegak "gaitzespenik sakonena" adierazi du "hilketa bikoitz honengatik eta, era berean, elkartasuna eta maitasuna helarazi nahi diegu biktimen senide zein lagunei; ahaztu barik euren bizitza arriskuan jarriz lan heroikoa egin zutenei eskerrak ematea, hiltzailea geldiaraztea lortu baitzuten".

Horren ildotik, Vegaren hitzetan, "oporretan zegoen ertzain batek geldiarazi zuen hiltzailea".

Hilketak gertatu ziren lekua, Laredon. EiTB

"Ondoren, beste pertsona batzuek ere lagundu zuten, eta berehala gure udaltzaingoak heldu ziren, eta tragedia larriagoa izan zitekeena saihestuz.", azaldu duenez.

Vegaren arabera, atxilotutakoak egindakoa ez dauka "azalpenik" eta, gaineratu du, ospitalera eraman behar izan zutela eskuetan zauriak zituelako, horietako batzuk sakonak.

Guardia Zibila ari da gertatutakoa ikertzen, eta ez du uste hilketa genero indarkeriarekin lotuta dagoenik.

Eroaldia

Momentuz, Poliziaren ikerketaren arabera, badirudi genero indarkeria kasu bat izan denik baztertu dutela, eta erotasunaren hipotesia garrantzia hartzen ari da.

Natxo Urkixo (Bildu) Laudioko alkateak EFEri adierazi diotenez, Udal Gobernua ikerketaren ondorioen zain dago, eta ordura arte babesik eta "errespeturik handiena" eskatu du familiarentzat.Urkixoren arabera, Laredoko Udaltzaingoaren bidez harreman estua dute ikerketa egiten ari den taldearekin eta, azken informazioaren arabera, "ia erabat baztertu dute genero indarkeria izatea", baina "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu du ondorioak egiteko orduan, hilketaren egilearen estrategia izan litekeelako bere defentsan pentsatuz.Halere, erotasunarena da indar gehien hartu duen hipotesia, hau da, erasotzaileak ez zituen biktimak ezagutzen eta eroaldi batean sastatu zituela.

Laredon egindako osoko bilkura. EFE

Laudioko alkatearen hitzetan, antza denez, erasotzaileak zuzenean jo zuen Mercedes Garcia 42 urteko laudiotarrarengana eta, Gabino Garcia haren aita defendatzera joan zenean, "bi aldiz sastatu zuen".

Atxilotutakoak asteartean edo asteazkenean deklaratuko du, Laredoko 1 zenbakiko Instrukzio Auzitegian, hori baitagokio auziaren ikerketa gidatzea, Auzitegitik Europa Press albiste agentziari esan diotenez.

Bilboko bizilagun eta hilketa bikoitzaren ustezko egileak Guardia Zibilaren esku jarraitzen du.

 

Elkarretaratzea Laredon

Laredoko Udal Gobernuak, halaber, bi heriotzak "gogor" gaitzetsi ditu.

Angel Vegak adierazi du osoko bilkuran aho batez onartu dutela gertaera gaitzesteko testua. "Gure herria ilundu duen eta bizilagunak eta bisitariak astindu dituen krimen gaitzesgarritzat" jo du gertatutakoa alkateak.

Vegak, bide batez, Udal Gobernuaren partetik "elkartasuna eta maitasuna" helarazi dio familiari. "Une latz hauetan, gure herriaren berotasuna eta hurbiltasuna helarazi nahi diegu", esan du.

Harridura handia Bilbon

Ibon Areso Bilboko alkatea harrituta azaldu da ustezko hiltzaileak hilketa egiteko aukeratutako lekuagatik eta, bere esanetan, "ezin da ulertu hondartzara joatea horrelakorik egiteko".

Onda Vascan adierazi eta Europa Pressek jaso duenez, Bilboko Udalak dolumina agertuko dio Laredoko Udalari. "Gizon honek aukeratu duen agertoki da gehien harritu nauena", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak argazkiak Epaiketak argazkiak Laudio Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Kantabria azken ordukoa Erailketak Aiarako kuadrilla