Gizartea -

Madril

Sexu gehiegikeriengatik aurrekariak zituen ustezko pederastak

42 urteko gizonezko espainiarra da atxilotutakoa, Ciudad Linealgo bizilaguna. 90eko hamarkadan sei urteko neskato bati sexu-erasoa egiteagatik, zazpi urteko kartzela-zigorra bete zuen.

Ciudad Linealeko pederastak aurrekari ugari ditu

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adingabeko bost neskatori sexu-erasoak egitea eta beste hiruri eraso egiten saiatzea egozten diote gaur Santanderren atxilotu duten Ciudad Linealgo ustezko pederastari. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa hedabideen aurrera agertu da, atxiloketaren inguruko xehetasunak emateko. Ministroak esan duenez, 42 urteko gizonezko espainiarra da atxilotutakoa, Ciudad Linealgo bizilaguna. Aurrekari ugari ditu, sexu-gehiegikeriekin eta bestelako delituekin lotuta: 90eko hamarkadan 6 urteko neskato bati sexu-erasoa egiteagatik, 7 urteko kartzela-zigorra bete zuen.

Espainiako Poliziak FBIren laguntza izan du operazioan. Fernandez Diazek emandako datuen arabera, "atzemandako gizonezkoak ez zuen inolako loturarik erasoak jasan zituzten neskekin. Fisikoki oso ume itxurako neskatoak aukeratzen zituen eta parkeetara edota aisialdirako lekuetara jotzen zuen haien bila".  Osagai horiek guztiek ikerketa "asko zaildu" dutela gaineratu du.

"42 urteko gizonezko espainiarra da atxilotutakoa, gazteagoa dirudien arren. Emakumeen kontrako indarkeriarekin eta lapurretekin lotuta, aurrekari ugari zituen. Besteak beste, 90eko hamarkadan 7 urteko kartzela-zigorra bete zuen, 6 urteko neskato bati sexu-erasoa egiteagatik", zehaztu du ministroak.

Poliziak emandako datuen arabera, eraso guztiak oso antzekoak izan ziren: neskatoak engainatuta autora sartzen zituen, botika lasaigarri bat ematen zien, etxera eramaten zituen eta han sexu-gehiegikeriak egiten zizkien. Ondoren, garbitu egiten zituen neskatoak, arrastorik ez uzteko. Ordu gutxira askatu egiten zituen.

Lehendabiziko salaketa 2013ko irailean jarri zuten bost urteko neskato baten gurasoek. Azkena, berriz, aurtengo abuztuan: zazpi urteko neskato bat bahitu zuen ustez gaur atxilotu duten gizonezkoak. Eraso guztiak Madrilen izan ziren, Ciudad Lineal, Moratalaz, Hortalaza eta Coslada barrutietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea