Gizartea -

Ebola Madrilen

Teresa Romerorekin kontaktua izan zuen pertsona bat ospitaleratu dute

Sukarra dauka eta badaezpada Carlos III.a ospitalera eraman dute. Bestalde, Teresa Romerok "egonkor" jarraitzen du, baina birus-mailak onera egin du eta kaltetutako organoek "hobera egin dute".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teresa Romero ebolaz kutsatutako erizain laguntzailearekin kontaktua izan zuen pertsona bat Carlos III.a ospitalera eraman dute, sukarra zuelako.

Arrisku maila txikiko 68 pertsona horietako bat da. Etxean "bakartuta" zegoen, eta gaur goizean sukarra izan duenez ospitalera eramatea erabaki dute, Fernando Simon Espainiako Osasun Ministerioko Larrialdi zentroko zuzendariak ebola gaixotasunaren jarraipen batzordearen bileraren ondoren egindako prentsaurrekoan adierazi duenez.

Ebolari aurre egiteko protokoloa martxan jarri dute eta gaixoari etxean egotea aholkatu diote Carlos III.a ospitalera eramango zion anbulantzia iritsi arte. Ospitalean PCR analisiak egingo dizkiote birusa duen ala ez jakiteko, eta emaitzak arratsaldean edo gauean jakinaraziko dituzte. Ez dugu ezer esango emaitzak izan arte", gaineratu du.

"Arrisku maila txikiko kontaktuetako bat da, are gehiago, horien artean infektatzeko probabilitate txikiena zuena", azpimarratu du Simonek. Dena den, "protokoloa betetzeko dago eta ezin dugu informazio ziurrik eman analisien emaitzak eskuetan izan arte".

Carlos III.a ospitalera eraman dute pertsona hori ez da osasun langilea, eta sukarra badu ere haren osasun egoera ona da.

Bestalde, Carlos III.a ospitalean berrogeialdian dauden 15 lagunek sintomarik izan gabe jarraitzen dute.

Teresa Romerok hobera egin du

Teresa Romero erizain-laguntzailea "egonkor dago", birus-mailak onera egin du eta kaltetutako organoek "hobera egin dute". Hortaz, infekzioa kontrolatzeko gai izaten ari da Romero, gaur Fernando Simon Osasun Ministerioko Larrialdi zentroko zuzendariak iragarri duenez.

Itxaropenerako arrazoiak badaude ere, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du "izan ere, gisa horretako gaixotasunetan azken unera arte zuhurtziaz jokatu behar da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ebola berriak