Gizartea -

FOESS-en txostena

EAEko herritarren % 45, bazterketa jasateko arriskuan

Hala ere, herritarren % 83,4 gizartean integratuta dagoela ageri da Caritasek aurkeztu duen 2013ko txostenean.

360.000 pertsona daude bazterkerian Euskadin

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Caritas Euskadik FOESSA Fundazioak egindako "Bazterkeria eta garapen soziala Euskadin" txostena aurkeztu du gaur, 2013an integrazioaren eta gizartearen premien inguruan egindako inkesta batean oinarrituta.

FOESSAk gizarte-ikerketa eta soziologia aplikatuko ikerketak sustatzen ditu, eta 35 adierazletan oinarritu da inkesta hau egiteko.

Txostenaren arabera, EAEko herritarren % 83,4k ez du bazterketa sozialik jasaten. Hori horrela, 10 herritarretik 8 baino gehiago erabat integratuta daude (% 38,1ek ez du 35 adierazleetako batean ere huts egiten) edo, integratuta egon arren, bazterketa jasateko arriskuan daude (% 45,3).

Bazterketa egoeran daude, ordea, herritarren % 16,6 (% 11,1 tarteko bazterkeria egoeran daude, eta % 5,2 bazterkeria latzean).

Bestalde, txostenean azpimarratu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako populazioak gora egin duela "apur bat" azken urteetan, nahiz eta beheraka egiten hasi zen 2013an.

Gainera, EAEko biztanleria zahartu egin omen da, eta "hazkunde naturala baxua edo oso baxua" da.

Biztanle guztien artean, atzerritik etorritakoak (Espainiako Estatutik kanpokoak) % 6,8 dira, Espainiako Estatuko batez bestekotik (% 11,8) behera.

Hori horrela, txostenak proposamenak egiten dizkie erakundeei eta eragileei, "pertsonen eta gizartearen garapena ez dadin hazkunde ekonomikoarekin lotu".

Era berean, "pobreziaren egiturazko ondorioei aurre egiteko" eta "txiroenen bizi-baldintzak hobetzera bideratutako politikak lehenesteko" eskatzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea