Gizartea -

Gastronomia

Bilboko Aizian eta Getariako Elkano jatetxeak, Michelin izar berriak

Arzakek, Berasategik, Subijanak eta Atxak hiru izarrak mantendu dituzte, eta Adurizek birekin jarraitzen du. Guztira, 33 izar lortu dituzte Euskal Herriko jatetxeek.

Bilboko Aizian jatetxea. Argazkia: Aizian jatetxeren webgunea
Bilboko Aizian jatetxea. Argazkia: Aizian jatetxeren webgunea
Bilboko Aizian jatetxea. Argazkia: Aizian jatetxeren webgunea

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Getariako Elkano eta Bilboko Aizian jatetxeek aurreneko Michelin izarra lortu dute. Michelin gidak bart egin du izar banaketa, Marbellan (Malaga).

Guztira, 33 izar lortu dituzte euskal jatetxeek, baina Aizian eta Elkano izan dira nobedade bakarrak.

Pedro Subijana sukaldariaren Akelarre, Juan Mari Arzaken Arzak, Eneko Atxaren Azurmendi eta Martin Berasategik Lasarten duen jatetxeak hiru izarrak mantendu dituzte.

Honenbestez, 25 urte hiru Michelin izarrekin ospatuko ditu Juan Mari Arzakek 2014an. Horregatik, Marbellako Los Monteros hotelean bildutako 300 bat lagunek txalotu egin dute Arzak.

Era berean, Andoni Luis Adurizen Mugaritzek bi izar izaten jarraituko du. The World's 50 Best Restaurants zerrendarentzat munduko seigarren jatetxerik onena da.

Martin Berasategik eta Carme Ruscalleda Kataluniako sukaldariak zazpina izar dituzte, eta Estatuko sukaldari handienak dira Michelin gidan.

Zornotzako Boroa jatetxea; Axpeko Etxebarri erretegia; Bilboko Etxanobe, Mina, Nerua eta Zortziko; Donostiako Kokotxa, Mirador de Ulia eta Miramon Arbelaitz; Eltziegoko Marques de Riscal; Galdakaoko Andra Mari; Hondarribiko Alameda; Oiartzungo Zuberoa; Gasteizko Zaldiaran; Iruñeko Europa eta Rodero eta Urdaizko El Molino jatetxeek izar bana dute.

Olazabalaga: “Izarrak munduan kokatuko gaitu”

Izarra jaso eta gero “oso pozik” azaldu da Jose Miguel Olazabalaga Legarreta, Aizian jatetxeko sukaldaria. “Azkenean ere, heldu da”, adierazi du, eta izarra jaso arren, jatetxeko prezioek ez dutela gora egingo nabarmendu du.

“Izarrak munduan kokatu gaitu”, azpimarratu du Olazabalagak Radio Euskadiko ‘Ganbara’ irratsaioan. Aizian jatetxeko sukaldariaren hitzetan, izarrak “sona emango digu”. “Gogo-aldarterako oso albiste ona da; irmotasuna saritzen du izarrak”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia Zer gertatu da gaur Bilbon? Getaria azken ordukoa Jatetxeak azken ordukoa