Gizartea -

Indarkeria Kiroletan

‘Ez zegoen zantzurik arrisku handiko partidutzat jotzeko’

Kiroletako eta Segurtasun Estatu idazkariek “oso larritzat” jo dute igandean Vicente Calderon futbol zelaiaren inguruetan gertatutakoa, baina “ezohikoak” izan direla nabarmendu dute.

'Segurtasun plangintza egokia izan zen'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Martinez eta Miguel Cardenal Kiroletako eta Segurtasun Estatu idazkariek ziurtatu dutenez, poliziaren eta epaileen hasierako ikerketen arabera, ez zegoen zantzurik aurreikusteko gertatutako ezbeharra, ezta ‘arrisku handiko partidutzat’ jotzeko aurrekaririk ere.

Ez dute arrisku zantzurik topatu sare sozialetan, baina iragarri dute ikerketa bat abiatuko dutela, hainbat sarrera ez baitzituzten ohiko bideetatik eskuratu eta Riazor Blues Deportivoko zaleek autobus bat alokatu zuten, probintziatik kanpo, poliziaren kontrola eta babesa ekiditeko asmoz.

“Poliziaren babesetik ihes egiteko asmoa izan zuten”, esan du Gobernuaren Segurtasun arduradunak. Gainera, ziurtatu duenez, segurtasun operatiboa “egokia” izan zen, 100 agentek eta 60 udaltzaingok hartu zuten parte, eta “ez zen arrisku handiko partidua” izan.

Era berean, idazkariek “oso larritzat” jo dute igandean Vicente Calderon futbol zelaiaren inguruetan gertatutakoa, baina “ezohikoak” izan direla nabarmendu dute. Momentura arte, 21 pertsona atxilotu dituzte eta Francisco Javier Romero Taboada Deportivoko zalea hil dute.

Idazkariek Indarkeriaren kontrako Batzorde Nazionalaren bileraren ondoren egin dituzte adierazpenak. Batzordeak larrialdiko batzarra egin du, igandeko gertakari larriengatik.

Bertan, Martinez eta Cardenalez gain, Javier Tebas Profesionalen Futbol Liga (LFP) presidentea; Vicente Temprado Madrileko Federakuntzako presidentea (Espainiako Federazioaren izenean); Tino Fernandez Deportivoko presidentea; Clemente Villaverde Athletico Madrileko presidentea eta Cristina Cifuentes Madrilgo Erkidegoan Gobernuak duen ordezkaria.

Gertatutakoa oso larria da, baina ezohikoak dira. Honekin ez diot garrantzirik kendu nahi. Indarkeriaren kontrako borroka kiroletan irmoa, etengabekoa eta estua da segurtasun publikoaren arduradunen partetik, eta kasu gehienetan eraginkorra eta pozgarria da”, esan du Martinezek.

Gainera, Segurtasun Estatu idazkariak gogorarazi duenez, orain hilabete batzuk indarkeria aurreikusteko eta horren kontrako borrokan parte hartzen duten guztiei horren moduko jarrerak salatu eta zigortzeko eskatu zieten. “Konpromisoa erabatekoa eta irmoa izan behar da, edozein motako indarkeriarekin”, gaineratu du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola 2024 Delituak azken ordukoa