Gizartea -

Madrilen

Polizia bat hil da ustezko gaizkile batek trenbidera botata

Atochako geltokitik oso gertu izan da ezbeharra, goizean lehergailuak erabiliz bere buruaz beste egiteko mehatxua egin duen gizonezkoa atxilotu eta gutxira. Bi gertaerek ez dute zerikusirik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia nazional bat hil da gaur goizean trenak harrapatuta Madrilgo Embajadores geltokian, Atochatik gertu. Polizia ustezko gaizkile bat identifikatzen ari zen, hark trenbidera bota duenean.

Lehen datuen arabera, hildako polizia eta lankide bat gizonezko bat identifikatzen ari ziren Madrilgo Embajadores geltokian. Gizonezkoak, polizietako bat heldu eta tren bat igarotzen ari zela trenbidera bota du bere burua.

Atochako geltokitik oso gertu izan da ezbeharra. Gaur goizean, tentsio uneak bizi izan dira Atochan, gizon batek lehergailuak erabiliz bere buruaz beste egiteko mehatxua egin duenean. Bi gertaerek ez dute euren artean zerikusirik.

Hildako poliziak 30 urte zituen eta Brigada Mugikorreko kidea zen. Hain zuzen ere, brigada hori arduratzen da distantzia ertaineko eta distantzia luzeko trenen segurtasunaz.

Bi poliziek 30 urte inguruko gizonezko bati identifikatzeko eskatu diote. Gizonezkoak uko egin dio, eta polizia bati heldu ondoren trenbidera bota du bere burua.

Polizia momentuan bertan hil da. Identifikatu nahi zuten gizonezkoak zauri larriak ditu eta erietxera eraman dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea