Gizartea -

Atxiloketa

Gizonezko bat atxilotu dute Bermeon, exhibizionismoa egotzita

Adin txikikoei genitalak erakusteagatik atxilotu dute. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ustezko erasotzaileak lehendabizi gozokiak eskaintzen zizkien haurrei, euren atentzioa erakartzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

41 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Bermeon, exhibizionismoa leporatuta. Ustez, genitalak erakutsi dizkie hainbat adin txikikori.

Atzo gauean, Bermeoko hainbat bizilagunen salaketa helarazi zion Ertzaintzari herri horretako Udaltzaingoak; antza, herriko parke baten inguruan gizonezko batek hainbat haurri genitalak erakutsi eta keinu lizunak egin zizkien.

Ustezko erasotzailearen itxuraren inguruko deskripzioak jaso ondoren, Ertzaintzak atzo iluntzean atxilotu zuen gizonezkoa, kutxazain automatiko batean dirua ateratzen ari zela, Bermeon bertan. Adin txikikoen aurrean exhibizionismoa egitea egotzita hartu zuten atxilo. Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, ustezko erasotzaileak gozokiak eskaintzen zizkien haurrei, eta behin euren atentzioa erakarrita, genitalak erakusten zizkien.

Datozen orduotan eramango dute atxilotutako gizonezkoa epailearen aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo