Gizartea -

Atentatua Parisen

Mundu arabiarrak irmo gaitzetsi du Parisko atentatua

Islamak indarkeriarekin zerikusirik ez duela aldarrikatu dute Parisko Meskita Handiaren errektoreak eta herrialde arabiarrek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mundu musulmanak eta arabiarrak irmo gaitzetsi dute Charlie Hebdo aldizkari satiriko frantziarraren aurkako atentatua, eta sarraskiak Islamarekin zerikusirik ez duela aldarrikatu dute.

Hori horrela, Dalil Boubakeur Musulman Gurtzarako Kontseilu Frantziarreko (CFCM) presidente eta Parisko Meskita Handiaren errektoreak "krimen beldurgarri" hori gaitzetsi du, herrialdeko musulmanen izenean.

"Zentzugabea da krimen bati kutsu erlijiosoa egoztea; atentatua nire erlijioarekin lotzeko saiakerak salatu nahi ditut", adierazi du, hedabideen aurrean.

CFCMko buruak sarraskiaren egileak "zigortzea" espero duela gaineratu du, gertatutakoa "gerra ekintza" izan baita, eta halakoak "ezin dira zigor barik geratu".

"Izututa eta harrituta gaude gertatutakoaren basakeria ikusita; hori ez da musulmanen jokaera, Islamak gaitzetsi egiten du edozein hilketa, bizitzaren aurkako edozein atentatu", nabarmendu du.

Herrialde musulmanen gaitzespena

Atzerrian, herrialde arabiarrek eta musulmanek ere bat egin dute gaitzespenekin.

Abdelaziz Buteflika Aljeriako presidenteak "atsekabea" agertu du atentatuaren aurrean, "ekintza basati justifika ezina" baita, eta doluminak adierazi dizkie Frantziako Gobernuari eta herritarrei.

Egiptotik, Sameh Shukri Atzerri ministroak babesa helarazi dio Frantziari, eta Al Azhar Unibertsitateak, munduko zentro suni garrantzitsuenak, "eraso kriminal"tzat jo du gertatutakoa, "Islamak indarkeria oro salatzen baitu".

Marzieh Afjam Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak azaldu duenez, "errugabeen aurkako eraso terroristak Islamak irakatsitakoaren aurkakoak dira".

Mohamed VI.a Marokoko erregeak doluminak agertu dizkio Hollande presidenteari, eta Bahreingo Gobernuak babestu egin du terrorismoaren aurkako borroka.

Besteak beste, Turkiak, Libanok, Jordaniak, Palestinak, Mauritaniak eta Tunisiak ere doluminak agertu dizkiete biktimen senideei eta Frantziako agintariei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris azken ordukoa Frantzia argazkiak Jihadismoa hoy