Gizartea -

Erasoa Frantzian

Kouachi anaiak hil ditu Poliziak inprimategiko oldarraldian

Bahituta zuten pertsona onik atera da. Al Kaidak bidali eta finantzatu dituela ziurtatu dio Cherif Kouachi terroristak BFMTV telebistari, Poliziaren erasoan hil baino lehen.

Dammartin-en-Goeleko inprimategiaren aurkako erasoa. Argazkia: EFE
Dammartin-en-Goeleko inprimategiaren aurkako erasoa. Argazkia: EFE
Kouachi anaiak hil dituzte inprimategiaren aurkako erasoan

2:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Charlie Hebdo astekariaren kontrako atentatuaren ustezko bi erasotzaileak hil dituzte segurtasun indarrek Pariseko ipar-ekialdean, Le Monde-k jakitera eman duenez. Bi susmagarriek babes hartu zuten inprimategi batean.

AFP albiste-agentziaren arabera, bahituta zuten pertsona onik atera da. Cherif eta Said Kouachi anaiak eraikinetik tiroka atera dira, hau da, segurtasun indarrei eraso egin diete, Frantziako albiste-agentziak jakinarazi duenez.

17:00ak aldera tiro eta leherketa ugari entzun ahal izan dituzte Dammartin-en-Goeleko inprimategian.

Kouachi anaiek Dammartin-en-Goeleko inprimategi batean babes hartu dute, Pariseko ipar-ekialdean. Pertsona bat bahitu dute eta 15:55 aldera aurreneko tiroak entzun dituzte. Era berean, ke-granaden leherketak entzun dituzte.

Teilatutik

Bost minutu beranduago tiro eta leherketa gehiago entzun dituzte. Jendarmeriako indar bereziak (GIGN) pabiloi bateko teilatura igo dira.

Kouachi anaiak segurtasun indarren aurka tiro egiten atera dira inprimategitik. Kalashnikov fusilen tiroei erantzun diete segurtasun indarrek, eta bi susmagarriak hil egin dituzte.

Kouachi inprimategia erasoa efe

Jendarmeak inprimategiko pabiloiaren teilatuan. Argazkia: EFE

Le Figaro egunkariak jakitera eman duenez, bahitua oharkabean pasatu da eta bi susmagarriak akabatu eta gero onik atera da. Bahitua 27 urteko Lilian da. Bi bahitzaileak inprimategian sartu zirenean, grafistak aitari idatzi zion: ?Lehen solairuan ezkutatu naiz. Mundu guztia hil dutela uste dut. Poliziari abisua eman esku hartzeko?.

Al Kaidaren aginduetara

Bestalde, Al Kaidak bidali eta finantzatu dituela ziurtatu dio Cherif Kouachi terroristak BFMTV telebistari, Poliziaren erasoan hil baino lehen.

Yemengo Al Kaidaren aginduak eta finantziazioa jaso dituela zehaztu du Kouachik. Anuar al Awlaki imanak trebatu zuela erantsi du. Al Awlaki 2011ko irailean hil zuen AEBetako Armadak dronekin egindako erasoan.

Gutxi geroago Arabiar Penintsulako Al Kaidak (AQPA) asteazkenean aldizkariaren kontra egindako atentatua aldarrikatu du, AQPAko kide batek AP AEBetako albiste-agentziari jakinarazi dioenez.

Mahoma profetaren ?ohorea mendekatzeko? atentatua izan zela azaldu du AQPAko kideak. Gainera, ?islamaren eta nazio zapalduen kontrako gerran jokatu duen paperagatik? AQPAk Frantzia aukeratu zuela erantsi du. ?Biraolariak babestea garestia izango da eta zigor gogorra jasoko du?, azpimarratu du.

Bahiketa supermerkatu batean

Bestalde, bost lagun hil dira Parisko Hyper Carcher supermerkatu batean izan den bahiketan. Bahituak askatzeko segurtasun indarrek burutu duten operazioan gertatu dira heriotzak, polizia iturriek jakitera eman dutenez. Lau hildako bahituta zeuden lagunak dira. Amedy Coulibali bahitzailea ere hil egin da, segurtasun indarrek tirokatuta.

Abu Bakr al Bagdadi ?Estatu Islamikoaren kalifak emandako aginduak? betetzen zituela ziurtatu dio Amedy Coulibali bahitzaileak BFMTV telebistari egindako telefono deian. Gainera, krimenak egiteko Kouachi anaiekin koordinatu dela esan du.

"Arrazakeriari eta antisemitismoari aurre egiteko" eskatu du Hollandek

François Hollande Frantziako Estatuko presidenteak "arrazakeriari eta antisemitismoari gupidarik gabe aurre egiteko" deia egin die herritarrei, eta gaur hildako terroristek erlijio islamikoarekin "zerikusirik ez" zutela azpimarratu du.

Biktimen senideei elkartasuna adierazi eta segurtasun indarrek izandako "ausardiagatik" zoriondu ostean, Frantzian dauden "mehatxuak" ez direla amaitu gogorarazi du. Hori horrela, adi, elkartuta eta mobilizatuta egoteko eskatu die herritarrei.

Azken hiru egunetako atentatuetan hildako biktimen senitartekoei laguntzeko batzorde bat sortzea adostu dute Hollandek eta Manuel Valls lehen ministroak.

Asteazkenetik senitartekoren bat galdu duten ?17 familiak? gogorarazi ditu Gobernuak agiri batean.

Kouachi anaiak eta Amedy Coulibaly hiltzea beste biderik ez zegoela ziurtatu du Vallsek. ?Beste modurik ez zegoen?, adierazi du gobernuburuak.

Hanka-sartzeak

Azken egunetako gertakari tragikoetan akatsak egin dituztela onartu du Vallsek. ?17 hildako daudenean hanka-sartze kopuru bera dago?, adierazi du.

Horrela, Charlie Hebdo-ren aurkako erasoa gaitzesteko Parisen iganderako deitu duten manifestazioari begira ?segurtasun neurri masiboak? prestatu dituztela iragarri du lehen ministroak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris azken albisteak Frantzia bideoak Atentatuak albisteak Jihadismoa hoy