Gizartea -

Blue Monday

Goibel antzera? Normala, gaur da urteko egunik tristeena

Formula matematiko baten arabera, urtarrileko hirugarren astelehen hau 'Blue Monday' da, 2015eko egunik tristeena.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtarrilaren 19 honetan goibel antzera sentitzen diren horiek badute justifikazioa. Formula matematiko baten arabera, gaurkoa 2015eko egunik tristeena da. Hainbat faktore kontuan hartu dituzte data kalkulatzeko: Gabonak amaitu direla, hotza nagusi dela edota 'urtarrileko aldapa'ren ondorioak begi-bistakoak direla.

2005ean erabili zuten lehen aldiz 'Blue Monday' (astelehen tristea, ingelesez) izena, Cliff Arnal motibazioan aditu eta Cardiffeko Unibertsitateko ikerlariak asmatutako formula matematiko bat oinarri hartuta. Eguraldia, Gabonetako zorrak eta urte berriko asmoak ez betetzea bezalako faktoreak kontuan hartuta urtarrileko hirugarren astelehena urteko egunik goibelena zela ebatzi zuen. Sky Travel konpainiak publizitate kanpaia arrakastatsu baterako baliatu zuen.

MentalHealth webgunearen arabera, hainbat faktore negatibok bat egiten dute 'Blue Monday' honetan: asteko lehen eguna da (astelehena), oraindik ez dugu urtarrileko soldata jaso, eguraldia kaskarra da, Gabonetako zorrak ordaintzeke eta urte berriko asmo onak bete barik ditugu.

Egun honi buruz galdetuta, Patricia Ramirez psikologoaren arabera, zorrak kitatzeko beharra edo desoreka dagoenean agertzen dira "tristura edo antsietatea" sentimenduak.

Ramirezen ustez, "positiboa dena kontuan hartu gabe (lana edukitzeagatik pozik egotea, zorrak kitatzeko ahalmena edukitzea, hotza gainditzeko berogailua izatea edo oporretan bizitakoak lankideekin partekatu ahal izatea), negatiboari bakarrik erreparatzen badiogu (negua, hotza, errutina, lo gutxiago egitea edo erantzukizun gehiago edukitzea), normalena triste sentitzea da".

"Dugunari baino, ez dugunari garrantzia ematen badiogu, txarto sentitzen gara. Azken batean, norberaren hautua da. Gehitzea edo kentzea, horra hor bakoitzak aukeratu beharrekoa", agertu du psikologoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea