Gizartea -

Denboralea

9 autoren arteko istripuak A-8a kolapsatu du goizeko lehen orduetan

Euri denboraleak arazo ugari eragin ditu gaur goizean Hego Euskal Herriko errepideetan. Kalte handiena gidariek izan dute, auto-ilaren ondorioz.

Oraindik ere trabak eragiten ditu elurrak hainbat errepidetan

1:33

I. GOMEZ / EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euri denboraleak arazo ugari eragin ditu gaur goizean Hego Euskal Herriko errepideetan; kalte handiena gidariek izan dute, auto-ilaren ondorioz.

Istripu handiena Zaldibarren gertatu da, Bilborako noranzkoan. Bederatzi ibilgailuk talka egin dute, eta Ertzaintzak A-8 autobidea ixtea erabaki du. 11:30etan autobideko bi erreiak ireki ditu, baina goizean zehar auto-ilara luzeak izan dira puntu horretan (hamar kilometrokoak izatera iritsi dira). Hiru pertsona zauritu dira aipatu istripuan.

Zumarragan, GI-623 errepidean, Beasaingo noranzkoan, hiru autok eta kamioi batek talka egin dute. Bi erreietatik bat itxita dago eta auto-ilarak sortu dira puntu horretan.

Zorrotzako bihurguneetan, Bilborako noranzkoan, kamioi batek eta ibilgailu batek talka egin dute, eta 4 kilometroko auto-ilarak izan dira, Ertzaintzak eitb.eus-i jakitera emandakoaren arabera. Berehala kendu dituzte ibilgailuak errepidetik. Barakaldon, lau autok talka egin dute goizaldeko 5:45ean, eta auto-ilarak izan dira.

Leioan, Artatzako errepidean, auto-ilarak izan dira goizeko lehen orduetan, ibilgailu kopuru handia dela eta.

Istripuen artean, Barrundian bi izan direla jakinarazi du Ertzaintzak. A-1 autobidean, bi ibigailuk talka egin dute, baina ez da auto-ilararik izan. A-3022 errepidean, berriz, auto bat irauli da eta ibilgailuan zihoazenek laguntza behar izan dute bertatik ateratzeko. Hala ere, ez dira zauritu.

A-3608an, Zigoitian, Legutiorako noranzkoan, auto bat errepidetik atera da, eta A-3140an, Dulantzin, bi autok talka egin dute. Hala ere, ez da inor zauritu.

Bestalde, kamioiei Burgosera ez sartzea eskatu die Ertzaintzak, behin muga igarota elurrak errepidea kolapsatu baitu.

Sei mendate itxi dituzte Araban

Guztira sei dira elurragatik itxitako Arabako mendateak: Opakua, Zaldiaran, Urduña, Herrera, Azazeta eta Aiurdin.

Horrez gain, kateak erabiltzea beharrezkoa da Salinas eta Gasteizko mendateetan, Araban, eta Elosuan, Gipuzkoan.

Kateak erabili behar dira Nafarroako mendateetan

Nafarroan, Urbasa, Meano eta Belaguako mendateetan, kateak erabiltzea nahitaezkoa da, botatako elurraren ondorioz. Belaguan, 21,5 kilometrotik aurrera, errepidea itxi dute.

NA-7510 errepidea ere, hirugarren kilometrotik, itxita dago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripu Hilgarriak Trafikoa Gipuzkoako trafiko telefonoa Trafikoko web-kamerak Gasteizen