Gizartea -

Errektoreen konferentzia

2017-18 ikasturtera arte ez dituzte hiru urteko graduak eskainiko

“Dekretuari planto egin diote errektoreek”, azpimarratu du Madrilgo Complutense Unibertsiateko errektoreak. Eperik ez dago eta luzamendua planteatu dute Espainiako errektoreek.

Espainiako Unibertsitateetako Errektore Konferentzia (CRUE). Argazkia: EFE
Espainiako Unibertsitateetako Errektore Konferentzia (CRUE). Argazkia: EFE
Espainiako Unibertsitateetako Errektore Konferentzia (CRUE). Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Akordio bat onartu du gaur Espainiako Unibertsitateetako Errektore Konferentziak (CRUE) gehiengo zabal batekin. Honenbestez, unibertsitateek 2017-18 ikasturtera arte ez dituzte hiru urteko graduak eskainiko.

Jose Carrillo Madrilgo Complutense Unibertsitateko errektoreak CRUEren ezohiko batzarra amaitu eta gero azaldu duenez, “errektoreek planto egin diote Gobernuaren dekretuari”. Iragan ostiralean onartu zuen Exekutiboak unibertsitate ofizialetako araudia aldatzeko dekretua.

Aldeko 57 boto, kontrako bat eta bost abstentzio izan direla azaldu du Carrillok. 82 unibertsitate daude Espainian, horietako 50 publikoak dira eta 32 pribatuak.

Luzamendua

Manuel Lopez CRUEko presidenteak prentsaurrekoan onartu duenez, dekretuak ez du araudia aplikatzen hasteko eperik jartzen eta horregatik luzamendua planteatu dute.

Hezkuntza Ministerioarekin elkarrizketa “erraza” izan dutela goraipatu du Lopezek, baina graduen iraupena malgutzeko neurriarekin nahiz eta ados egon, “zuhurtziarekin eta denborarekin” egin behar dela erantsi du. “Hauteskunde” garaian gaudela kontuan hartu beharra dagoela nabarmendu du CRUEko presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea