Gizartea -

Euskal Herriko Unibertsitatea

396,5 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du EHUko errektoreak

Goirizelaiaren hitzetan, aurrekontu “estuak” hezkuntza eta ikerketa “baldintza onetan” aurrera eramatea bermatuko du, baina “proiektu berriekin hastea” eta “inbertsio handiak” egitea “oztopatzen” du.

Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitatearen errektorea. Argazkia: EFE
Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitatearen errektorea. Argazkia: EFE
Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitatearen errektorea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

396,5 milioi euroko aurrekontuen aurreproiektu bat prestatu du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU); 2014an baino milioi bat gehiago (% 0,26).

Iñaki Goirizelaia EHUko errektorearen ahotan, aurrekontu “estua da, mugak ezartzen ditu eta unibertsitatearen helburu eta nahi guztiak ez ditu asetzen”. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren aurrean aurkeztu eta gero, prentsaurrekoa eman du errektoreak Bilbon.

303 milioi (% 76,50) EAEko aurrekontu orokorren partidatik datoz eta 93,1 milioi (% 23,50) EHUren diru-sarreretatik lortuko dituzte (tasa akademiko eta administratiboen bidez eta beste entitate batzuekin dituen kontratuen bidez).

Gastuei dagokienez, 274,6 milioi euro (ia % 70) langileentzat izango dira, eta gainerakoa ikerketa, funtzionamendu, inbertsio eta ekipamendu gastuei aurre egiteko erabiliko dute.

Mugak

Aurrekontuaren mugek egitasmo berriak martxan jartzea “baldintzatzen” dutela nabarmendu du Goirizelaiak. Errektorearen hitzetan, aurrekontu “estuak” hezkuntza eta ikerketa “baldintza onetan” aurrera eramatea bermatuko du, baina “proiektu berriekin hastea” eta “inbertsio handiak” egitea “oztopatzen” du.

Eusko Jaurlaritzak Unibertsitate Plana onartu zuen iragan azaroan eta EHUko aurrekontu aurreproiektua baldintzatu du horrek, erantsi duenez. Hala ere, jarrera “kritikoa, baina arduratsua”, agertu du Goirizelaiak.

Unibertsitateak kalitatezko hezkuntza eta ikerketa berma ditzake, baina “ezin du desiragarria den erritmoan aurrera egin”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU