Gizartea -

Trafikoa

Zazpi kilometroko ilarak Artatzako errepidean, istripu baten ondorioz

BI-637 errepideko errei bat itxi behar izan dute ezbeharraren ondorioz. Beste errei bat itxita zegoen aurretik, joan den astean gertatutako lur-jausi baten ondorioz.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau autoren arteko istripu baten ondorioz, erabat geldituta egon da Artatzako errepidean (BI-637) zirkulazioa. Hala, Bilboko noranzkoan 7 kilometroko ilarak izan dira goizean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Ezbeharra 07:57an jazo da, Erandion (Bizkaia), BI-637 errepidearen 9. kilometroan, Bilboko noranzkoan. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, lau ibilgailuk talka egin dute eta pertsona bat zauritu da.

Istripuaren ondorioz, ezkerreko erreia itxi behar izan dute, eta Leioaraino heldu dira pilaketak; izan ere, joan den asteko denboralearen eraginez, lur-jausia izan zen Txorierriko igarobiderako erreian, eskuinekoan, eta gaur, istripu hori dela-eta, errei bakarra geratu da libre, erdikoa.

09:15erako zabaldu dute erreia, baina 10:30ean zirkulazioa oso geldoa zen oraindik.

09:30ean beste istripu bat izan da inguru horretan, eta motor-gidari bat zauritu da ibilgailutik jausita. Gizonezkoa Gurutzetako Ospitalera eraman dute, arin zaurituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Erandio