Gizartea -

Atentatua Danimarkan

Valls: 'Elkartasuna daniarrei. Frantziak ez du amore emango'

Bien bitartean, Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroa 'lehenbailehen' Danimarkara joango da.

Manuel Valls Frantziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel Valls Frantziako lehen ministroak doluminak eman dizkie Kopenhageko erasoan hil den pertsonaren senideei. Erasoa Danimarkako hiriburuko kafetegi kultural batean gertatu da eta hildakoaz gain, hiru polizia zauritu dira. Erasoaren unean, islamismoari eta adierazpen askatasunari buruzko hitzaldi bat egiten ari ziren aipaturiko lekuan.

"Askatasunari eraso egin diote Kopenhagen. Elkartasuna daniarrekin. Bernard Cazeneuve (Barne ministroa) tokira bidean da. Frantziak ez du amore emango", idatzi du Vallsek haren Twitter kontuan.

Vallsek #jesuischarlie traolarekin amaitu du bere mezua, duela hilabete Frantzian izandako atentatuetan hildakoen omenez.

Bestalde, Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak Kopenhagen izandako atentatua gaitzetsi du.

"Irmotasun handienarekin gaitzesten dut ekintza terrorista hori, hain zuzen ere, Frantziak Danimarkan duen enbaxadorea parte hartzen ari zen Kopenhageko bilera publiko bat helburu zuena", adierazi du Fabiusek ohar batean.

Frantzia "agintarien eta daniarren alboan dago terrorismoaren kontrako borrokan", gaineratu du.

Frantziako Barne ministroa Danimarkara joango da 'lehenbailehen'

Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroa "lehenbailehen" Danimarkara joango da Kopenhagen gertaturikoaren berri bertatik bertara izateko, François Hollande Frantziako presidenteak berri eman duenez.

Frantziako presidenteak, berriz, bere elkartasuna adierazi dio Helle Thorning-Schmidt Danimarkako lehen ministroari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia albisteak