Mundua -

Atentatua Danimarkan

Lagun bat hil da Kopenhagen izandako tiroketa batean

Gainera, hainbat polizia zauritu dira. Danimarkan Frantziak duen enbaxadorearen eta Lars Vilks irudigilearen kontrako erasoa izan da, islamismoari buruzko hitzaldi batean parte hartzen zeudenean.

Atentatua Kopenhageko zentro kultural batean jazo da. Argazkia: EFE
Kopenhageko ekintza terroristak hildako bat eta hiru zauritu utzi ditu

1:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez zibil bat hil eta hiru polizia azauritu dira Kopenhagen (Danimarka) enbaxadore frantziarraren aurkako eraso baten ondorioz. Atentatua Kopenhageko kafetegi kultural batean jazo da, bi gizonezkok tiro egin dutenean.

François Zimeray Danimarkan Frantziak duen enbaxadorearen kontrako erasoa izan da, islamismoari eta adierazpen askatasunari buruzko agerraldia egiten zegoenean, Danimarkako komunikabideek zabaldu dutenez. Hildakoa hitzaldian zegoen 40 urteko gizonezko bat da.

DANIMARKA ERASOA EFE

Enbaxadorea bizirik atera da, berak Twitterren bidez jakinarazi duenez. Halaber, Lars Vilks irudigilea ere onik atera da. Vilks hizlaria zen mahai-inguru horretan, eta Mahomaren inguruko irudi polemikoen egilea izateagatik da ezaguna (2007an txakur bat balitz bezala irudikatu zuen Mahoma).

Hiru poliziak onik daude, eta haien senitartekoek horren berri dute jada.

Erasotzaile bakarra

Hasiera batean, bi erasotzaile izan zirela uste bazuten ere, Danimarkako Poliziak ondorioztatu du orain pertsona bakar batek egin zuela erasoa. Segurtasun kamera batek grabatutako ustezko tiratzailearen irudia zabaldu du Poliziak.

"Behin-behineko galdeketen arabera, pertsona bakar batek egin du tiro", esan du Poliziak. Danimarkako kazetek jasotako lekukoen arabera, beste gizonezko bat egon zen tiroketan, baina zain geratu zen kanpoan, eta ondoren batera ihes egin zuten, baina agintariek ez dute informazio hori baieztatu.

Poliziak jakitera eman duenez, erasotzailea "arabiar jatorriko gizonezkoa da, 25 eta 30 urte bitartekoa". Aurpegiaren beheko aldea zapi batekin estalita zeraman, eta arma automatiko bat erabili zuen tiroketan.

Atentatu terrorista

Halaber, Poliziak eraso terroristatzat jo du tiroketa, baina oraindik ez du argitu horren helburua Lars Vilks artista suediarra hiltzea ote zen.

"Dirudienez, atentatua prestatua izan zela ematen du, eta tiroketaren inguruko guztiak eraso terroristatzat hartzera eramaten gaitu", esan dute ohar baten bidez Danimarkako Inteligentzia Zerbitzuek (PET).

Bestalde, Kopenhageko Polizia-bozeramaile batek esan duenez, "tiroketaren arrazoiak oraindik argitu gabe dauden arren, atentatu terrorista dela uste dugu, eta hori abiapuntutzat hartuta ari gara ikerketa bideratzen".

Erasoan 40 urte inguruko zibil bat hil da, eta hiru polizia arin zauritu dira, horietako bi PETeko kideak, sorbaldan, hankan eta pubisean, hurrenez hurren. Polizia erasotzaileen bila dabil, eta segurtasun neurriak areagotu ditu Danimarkako hiriburuan.

Ihes egiteko erasotzaileak erabilitako autoa handik hiru kilometrora aurkitu dute, baina armen arrastorik ez dago, ezta susmagarriaren arrastorik ere.

Danimarkako Poliziak susmagarria bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du. Volskwagen Polo ibilgailu batean ihes egin aurretik, 20 eta 40 tiro bota ditu kultura-kafetegiaren aurka, Poliziak Twitterren bidez jakinarazi duenez. Halaber, berarekin topatuz gero, inolako harremanik ez izateko gomendatu die herritarrei.

Islamismoari buruzko hitzaldia

"Arte, madarikazioa eta adierazpen askatasuna" izenburuko ekitaldi batean parte hartzen zeuden Vilks eta Zimeray, joan den hilean Parisen izandako Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurkako atentatuaren harira.

Danimarkako telebistak kafetegiaren irudiak zabaldu ditu, eta bertan tiroek eragindako zulo anitzak ikus daitezke. Poliziak zonaldea hesiz inguratu du, eta bost bat anbulantzia daude bertan, 'Berlingske' kazetaren arabera.

ilustrador Lars Vilks irudigilea EFE

2010ean epaile batek bi eta hiru urteko espetxealdia ezarri zien bi anairi Vilksen etxea erretzea egotzita. Beste hiru lagun kargurik gabe aske utzi zituzten, Gotenburgoko Arte-Azokan (Suedia), artistaren aurkako atentatua prestatu ostean.

Hollandek erasoa gaitzetsi du

François Hollande Frantziako presidenteak atentatua gaitzetsi du, eta "Frantziaren elkartasun osoa" adierazi dio Helle Thorning-Schmidt Danimarkako lehen ministroari.

Halaber, Eliseok jakinarazi duenez, Bernard Cazeneuve Frantziako lehen ministroa Kopenhagera abiatuko da lehenbailehen jazoeraren nondik norakoak ezagutzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Atentatuak albisteak Danimarka