Gizartea -

Araba

Laudion desagertutako 82 urteko gizonaren hilotza aurkitu dute

Hainbat boluntariok osatutako talde batek aurkitu du gizonaren gorpua Garbea auzoan, 12:30ak aldera, trenbidetik hurbil dagoen malda batean. Litekeena da gizonezkoa bertatik erori izana.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiralean desagertutako 82 urteko gizonezkoaren hilotza aurkitu dute igande goizean Laudioko Garbea auzoan, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Ostiral arratsaldean senitartekoek abisua eman zuten, eta orduan operatiboa abiatu zuten gizonezkoa bilatzeko. Ertzaintzak, Udaltzaigoak, Gurutze Gorriak, Babes Zibilak eta boluntario ugarik parte hartu dute. Bilaketa lan horietan menditik eta ibaitik gertu dauden zonaldeak miatu dituzte.

Atzo gauean bertan behera geratu ziren erreskate-lanak, eta gaur goizean berrabiarazi dituztenean, gizonezkoaren gorpua aurkitu dute, 12:30ak aldera, trenbidetik hurbil dagoen malda batean.

Hasierako hipotesien arabera, litekeena da gizona bertatik behera erori eta, zaurien ondorioz, hil izana. Ertzaintzak ikerketa abiatu du jazoeraren nondik norakoak argitzeko.

Epaileak aginduta, hilotza Gasteizko Forentse-Patologia zerbitzura eraman dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea