Gizartea -

Immigrazioa Italian

10 etorkin hilda atzeman dituzte Siziliako uretan

121 lagun zeramatzan ontzi batean zihoazen. Italiako Gobernuak salatu duenez, aurten 2014ko epe berean lehorreratutakoen kopurua % 43 hazi da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako kostazain zerbitzuak 10 etorkin hilda atzeman ditu Siziliako uretan. Etorkinok hondoratutako ontzi batean zihoazen, beste 111 lagunekin batera.

Salbamendu arduradunek gaur eman dute horren berri, baina atzo, astearte arratsaldean, izan zuten horren berri agintariek, petrolio-plataforma batetik ohartarazi zituztenean erreskate zerbitzuak ontzi bat hondoratzen ari zela.

Dattilo itsasontzia bertaratu zen, eta etorkin horiek guztiak atera zituen uretatik (esan bezala, horietako hamar hilik zeuden ordurako). Ontziak aurretik erreskatatutako beste 318 etorkin zeramatzan.

Kostazainek emandako datuen arabera, azken egunotan etorkinak erreskatatzeko zazpi operazio egin dituzte eta 941 lagun bizirik atera dituzte. Etorkin horien artean, 30 ume eta 50 emakume daude; haurdun dagoen bat, tartean.

Italiako Barne Ministerioak salatu duenez, aurten 2014ko epe berean lehorreratutako etorkinen kopurua % 43 hazi da. Joera horri eutsiz gero, 2014an lortu zuen errekorra hautsiko du Italiak. Iaz 160.000 etorkin heldu ziren Italiako uretara, 2013an halako hiru.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa gaur