Gizartea -

Tragedia Alpeetan

Hegazkin istripuari buruzko txio iraingarriak salatuko ditu Kataluniak

Biktima batzuk katalanak zirelako iseka mezuak bota zituzten erabiltzaile batzuek. Mossoak horiek biltzen ari dira.

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Germanwings konpainiak Frantziako Alpeetan izandako hegazkin istripuari beste hari-mutur bat atera zaio azken orduetan. Esquadra Mossoak atzokoan sare sozialetan, Twitterren bereziki, biktimen kontra bota ziren mezu iraingarriak biltzen ari dira, eta horiek guztiak eskuetan hartuta, Bartzelonako Gorroto eta Diskriminazio Delituak ikertzeko Fiskaltzaren aurrean salaketa jarriko du Kataluniako Gobernuak.

Generalitateko iturriek jakinarazi dutenez, Poliziak izapideak abiatu ditu txio horiek zabalduta gorroto eta diskriminazioa deliturik egin duten ikertzeko.

Hala, sare sozialak, batez ere Twitter, arakatzen dabiltza agenteak, Frantziako Alpeetan amildu zen hegazkinean zihoazen biktimen kontrako iseka mezuen bila. Oraingoz, Twitterreko 17 kontuetatik botatako 24 mezu bildu dituzte.

Horrez gain, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak mezuon egileak ikertzeko eskatu die Estatuko Segurtasun Indarrei.

Tragediaren kontura sare sozialetan erabiltzaile batzuek botatako iseka eta laido mezuak polemika iturri izan ziren atzokoan. Biktimetako batzuk katalanak eta alemaniarrak zirela eta, barre egin zuten batzuek; beste batzuek, berriz, salatu egin zuten istripuaren jarraipena egiteko saio bereziek telebistako programazioan eragina izan zutela.

Bartzelona-Dusseldorf bidea egiten zuen Germanwings konpainiako hegazkina Alpeetan amildu zen. Bertan zihoazen pertsona guztiak (142 bidaiari eta tripulazioko 6 kide) hilda aurkitzea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea