Gizartea -

Iruzurra

Correoseko mezua dirudien birus informatiko batez ohartarazi dute

Azken egunotan 11 salaketa jaso ditu Ertzaintzak. Antza denez, birusak ordenagailuko datuak enkriptatzen ditu eta ondoren erasotzaileek dirua eskatzen diote biktimari datuak berreskuratu ahal izateko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak enpresa txiki eta ertainen hamaika salaketa jaso ditu azken egunotan, horien ordenagailuak, ustez, Correos posta zerbitzutik jasotako mezu batekin kutsatu direlakoan.

Espainiako Zibersegurtasun Institutuak gaur ohartarazi duenez, oraindik ere jardunean egoten jarraitzen du iruzurrak. Antza denez, Correosen mezu elektronikoak faltsutzen dituzte ordenagailuetara birusak bidaltzeko. Behin mezua irekita, birusak disko gogorra kaltetzen du.

Birusak ordenagailuko datuak enkriptatzen ditu eta, ondoren, erasotzaileek dirua (299 bitcoin, interneteko diru birtuala) eskatzen diote biktimari datuak berreskuratu ahal izateko.

Ustez Correosekoa dirudien mezu horretan, Correosen bulegoan biktimaren enpresarentzako paketea dagoela jakinarazten da.

Mezu horretan esteka bat ageri da eta, behin bertan klik eginda, artxibo bat irekitzen da. Aipaturiko artxiboak disko gogorra infektatu eta ordenagailua blokeatzen du.

Ondoren, erabiltzaileak mezu bat jasotzen du informazioa berreskuratzeko modu bakarra ordaintzea dela esanez.

Apirilaren 2tik 8ra bitartean Ertzaintzak zortzi salaketa jaso ditu Bilboko ertzain-etxean eta salaketa bana, Gernikan, Erandion eta Gasteizen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Delituak Iruzurrak berriak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zer berritasun daude Interneten? Correosen bulegoak gaur