Gizartea -

Abortatzeko eskubidea

Abortuaren erreforma berria Kongresura iritsiko da gaur

PPren Gobernua bigarrenez saiatuko da egungo legea aldatzen. Oraingoan, adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatzea debekatu nahi du.

Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat, Bilbon. EiTB
Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat, Bilbon. EiTB
Abortuaren lege berriak PP zatitu du

1:06

David Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresua abortuaren legearen erreforma berria eztabaidatzen hasiko da gaur. Testu horrekin, adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatzea debekatu nahi du PPren Gobernuak. Gainera, baliteke ezartzea abortua ez dela eskubidea.

Erreforma berriak ez du inor ase, baina arrazoi ezberdinak tarteko: oposizioko alderdien gehiengo zabalak egungo legeari eustea eskatu du; mediku elkarteen esanetan, erreforma kaltegarria izango da adingabeentzat; mugimendu feministaren iritzian, abortu librea eskubidea da; eta abortuaren kontrako talde erlijiosoek eta PPko diputatu kontserbadoreenek erreforma erradikalagoa nahi dute.

Oraingoz, adingabeek gurasoen edo tutore legalen baimenik gabe abortatzea debekatzea du helburu erreformak, baina abortua ez dela eskubidea ezartzeko aukera ere zabalik utzi du Alfonso Alonso Osasun ministroak. Baliteke PPren talde parlamentarioak aurkeztuko duen zuzenketa baten bitartez egitea hori.

Hori horrela, Mariano Rajoyren Gobernua bigarrenez saiatuko da abortuaren legea erreformatzen. Aurreko saiakerak erantzun handia izan zuen gizartean, eta Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak dimisioa eman behar izan zuen, mugimendu feministen presioaren ondorioz batik bat.

Erreforma onartzeko epeak

PPk premiazko prozedurari heltzea eskatuko du, epeak erdira murrizteko. Edozein kasutan ere, maiatzeko hauteskundeen ostean onartuko dute behin betiko testua.

Gaurkoan, lege proposamena izapidetzen hastea onartuko dute. Hurrengo urratsa osoko zuzenketak eztabaidatzea izango da. Horren ildotik, PSOEk eta Izquierda Pluralek testu alternatiboak aurkeztuko dituzte.

Horren ostean, zuzenketa partzialak aurkezteko epea zabalduko da. Proposamen guztiak batzorde txostengiletik pasatu eta Parlamentuko batzordean eztabaidatu beharko dira, ondoren osoko bilkuran aztertzeko, Senatura igorri baino lehen.

Lege organiko izaera izanik, PPk gehiengo osoa (176 boto) behar du erreforma onartzeko. Baliteke Alderdi Popularreko diputatu guztiek ez babestea, kontserbadoreenak aurka baitaude, baina UDCk eta UPNk oniritzia emango diote testuari. Horrenbestez, aise lor dezake Gobernuak idatzia onartzea.

Adingabeen % 12k baino ez dute abortatzen baimenik gabe

Espainiako Gobernuak abortatzea galarazi nahi die gurasoen baimena ez duten adingabeei. Estatistiken arabera, baina, 16 eta 17 urteko neskato gehienak gurasoekin batera joaten dira haurdunaldia etetera, eta bakarrik joaten direnek tratu txarrak jasateko arriskuan daudela argudiatzen dute.

Haurdunaldia Eteteko Klinika Baimenduen Elkarteak (ACAI) azaldu duenez, adingabeen % 87,62 gurasoekin edo tutore legalekin batera joan ohi dira abortatzera. Gainerako % 12,38k baimena eskatu gabe abortatzen dute, tratu txarrak pairatzeko arriskuan daudela, familian babesik ez dutela, gurasoak espetxean daudela, herrialdean bakarrik bizi direla edo gurasoek eurek alabekin abortatzera joan nahi ez dutela argudiatuta.

Datu horiek erakusten dutenez, oso gutxi dira gurasoen baimenik gabe abortatzen duten adingabeak, eta, gainera, oso kalteberak dira; horrenbestez, aukera hori [baimenik gabe abortatu ahal izatea] kentzen badiete, klandestinitatera zigortuko dituzte, horien bizia arriskuan jarrita”, azaldu zuen Francisca Garcia ACAIko presidenteak, azaroan inkesta horren emaitzak aurkeztu zituenean.

Horren ildotik, egun indarrean dagoen legea aldatzeko arrazoirik ez dagoela esan zion orduan Garciak PPri, eta sexuari buruzko hezkuntza indartzeko eta emakume kolektibo horri laguntzeko estrategia zehatzak sustatzeko deia egin zion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea