Gizartea -

Ezbeharra

Lau lagun hil dira hegazkin militar bat erorita, Sevillan

Beste bi zaurituta daude. Lurreratze eta aireratze maniobretan zebilen hegazkina, behea jo duenean. Hildakoak Airbus enpresako langile espainiarrak dira.

Hegazkin istripua Sevillan. Argazkia: EFE
Hegazkin istripua Sevillan. Argazkia: EFE
4 lagun hil dira Sevillan izandako hegazkin istripuan

1:05

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau lagun hil dira hegazkin militar batek Sevillan izandako istripuan, larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. Halaber, beste bi pertsona larri zauritu dira.

Hegazkina Airbus 400M modelokoa da, lagunak eta merkantziak eramateko hegazkin militarra, hain zuzen ere, eta ezbeharra Sevillako aireportutik milia batera gertatu da.

Emilio de Llera Justizia eta Barne kontseilari andaluzak azaldu duenez, A400 hegazki militar horretan sei lagun zihoazen: pilotua, kopilotua, mekanikari bat eta hiri ingeniari. Guztiak Airbus enpresako langile espainiarrak ziren.

Istripuaren ondorioz, lau bidaiari hil dira, eta beste bi (mekanikaria eta tripulazioaren beste kide bat) larri zauritu dira.

Istripuaren zergatiari buruz, De Llerak esan duenez, "oraindik ez dakigu ezer". Hori bai, "hegazkina lehen hegaldiak egiten zebilen", argitu du.

Airbus enpresak muntaia-lantegia du Sevillako San Pablo aireportuan, eta bertan frogak egin ohi ditu. Lurreratze eta aireratze maniobretan zebilen hegazkina, behea jo duenean, aireportuko agintariek jakinarazi dutenez.

Istripua 13:00ak aldera jazo da, eta 13:15etik 14:50era bitartean aireportua itxita egon da. Gainera, hegaldi guztiak desbideratu dituzte, istripuaren ondorioz, zonaldean suhiltzaileak lanean zebiltzalako.

Turkiar batentzako hegazkina zen

Bestalde, Airbus enpresak jakinarazi duenez, bezero turkiar bati emateko prest zegoen Sevillan eroritako Airbus A-400M hegazkina. Halaber, enpresa horrek azaldu duenez, "krisi-kabinetea" ireki dute, eta Airbuseko talde bat Sevillara abiatu da.

Gainera, agintariekin erabateko "kolaborazioa" bermatu du Airbusek, istripuaren nondik norakoak argitzeko asmoz.

"Biktimen senideak eta lagunak gogoan ditugu eta horiei arreta eta babesa eskaintzen ari gara", adierazi du Airbus konpainiak.

'Gardentasuna' eskatu dio Rajoyk Airbus konpainiari

Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidentea hegazkin istripuaren tokira bertaratu da eta adierazi du "gardentasuna" izateko eta zer gertatu den argitzeko eskatuko diela Airbus konpainiako arduradunei.

Biktimen senideei doluminak helarazi ostean, Rajoyk kazetarien aurrean esan du oraingoz ez dakitela istripua zerk eragin duen eta biktimen artean andaluziarrak eta beste autonomia erkidegoetako pertsonak daudela, tartean, Galiziako bat. Guztiak ere Airbuseko langileak ziren eta horietako batzuek Aire Armadan praktikak eginak zituzten, nahiz eta orain ez ziren Armadako kide aktibo.

Rajoyren esanetan, Pedro Morenes Espainiako Defentsa ministroa Frantziako eta Alemaniako Defentsa ministroekin elkartuko da bihar gertaturikoa ikertzeko.

Bestalde, istripuak Airbus 400M modeloaren proiektua ezbaian ez jartzea espero duela gaineratu du. Horrelakorik gerta ez dadin, gardentasunez jokatzea eta zer gertatu den argi eta garbi azaltzea dela gaineratu du.

Mariano Rajoy. Argazkia: EFE

Sustapen eta Defentsa ministerioek osatutako batzorde mixto bat martxan jarri du larunbat arratsaldeak Espainiako Gobernuak ezbeharraren zergatiak ikertzeko. Halaber, Sevillako 13. zenbakiko instrukzio epaitegiak istripuari buruzko izapideak zabaldu ditu.

Alemaniak eta Erresuma Batuak bertan behera utzi dituzte Airbus 400M modeloaren hegaldiak

Alemaniako eta Erresuma Batuko Gobernuek bertan behera utzi dituzte Airbus 400M hegazkin modeloaren hegaldiak, horietako hegazkin batek gaur Sevillan istripua izan ondoren.

"Aire Armadaren Estatu Nagusiko buruak eten egin ditu operazioak kontrakorik esaten ez duen bitartean", azaldu du Alemaniako Defentsa Ministerioko bozeramaileak. Ildo beretik mintzatu da Defentsa Ministerio britainiarra ere eta iragarri du "gelditu" egin dituela hegazkin mota horrekin egindako operazioak "badaezpadako neurri gisa".

Frantziak, Malaysiak eta Turkiak ere gisa horretako hegazkinak dituzte, baina momentuz ez dute inolako adierazpenik egin.

Hauteskunde-kanpaina, bertan behera

Alderdi politiko gehienek bertan behera utzi dituzte larunbat honetarako aurreikusita zituzten

hauteskunde kanpainako ekitaldiak, Sevillan izandako hegazkin istripuaren harira. Ildo horretan, doluminak emateaz gain, elkartasuna adierazi diete ezbeharrean hildako lau pertsonen senideei eta lagunei.

"Biktimei eta senideei elkartasuna adierazi nahi diegu", esan du Rajoyk, "haien esanetara gaude". Geroago, Tenerifen eskaintzen ari zen hitzaldia amaitutzat eman du Gobernuko presidenteak.

Halaber, Pedro Sanchez PSOEko buruak ere bertan behera utzi ditu gaurko iragarrita zeuden kanpainako ekitaldiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea